Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EPk Jaurlaritzara eraman nahi du «gizartean dagoen ezkerreko gehiengoa»

Espainiako ministro Yolanda Diaz Gasteizen egon da koalizioari babesa emateko. Gorrotxategik «ezkerreko indar tradizionalak» kritikatu ditu

Miren Gorrotxategi eta Yolanda Diaz, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gonbidatu berezia izan du Elkarrekin Podemos-IU koalizioak Gasteizen egin duen ekitaldian: Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro Yolanda Diaz etorri da koalizioari sostengua ematera. Haren hitzaldian, berriz, EPk kanpaina osoan garatu duen diskurtsoari eutsi dio Unidas Podemosko ministroak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badago «ezkerreko gehiengo soziala», eta gehiengo hori Jaurlaritza- ra eramatea, desiragarri ez ezik, «posible» ere bada.

Yolanda Diazen esanetan, «eskuina beti da eskuina, Euskadin zein Galizian», eta hautatzeko garaia iristen denean, «haien sokakoen alde» gobernatzen dute. «Horregatik, garrantzitsua da haiekin demokratikoki lehiatzea, eta Euskadiko herri guztietan ahalik eta herritar gehienei ikusaraztea ezkerreko gobernua egingarria dela», erantsi du.

Gogora ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «sistematikoki» ezkerreko indarrak «nagusi» izaten direla: «Baina beste urrats bat egin behar dugu, eta gehiengoaren alde lan egingo duen gobernu bat bermatu behar dugu».

Espainiako Gobernua eredu

Ezkerreko gobernua osatzea egingarria dela erakusteko, Espainiako Gobernuarekin gertatutakoa adibidetzat jarri du Diazek: «PSOEk ere ez zuen Unidas Podemosekin gobernatu nahi, Ciudadanosekin baizik», esan du, baina, haren iritziz, «etengabeko borrokak eta irmotasunak» ekarri zuten azkenean UP gobernuan sartzea: «Zuek ere borroka egin behar duzue Euskadin ezkerreko gobernua lortzeko».

Diazen ustez, koalizio gobernuak Espainian egin dituen bost hilabeteek erakutsi dute hainbat gauza egin daitezkeela: «Behar gehien dutenak babes daitezke; aspaldiko ametsak gara daitezke; frankismoan garairik latzenak bizi izan zituztenei esan ahal zaie haien lekukoa hartzen dugula».

Are gehiago: Diazen iritziz, UP Espainiako koalizio gobernuan egon izan ez balitz, ezinezkoa zatekeen kaleratzeak galaraztea edo hipoteka eta alokairuen luzamendua ezartzea: «Aldaketa abian da, eta ezarri ditugun neurriak ezin izango dituzte ezabatu», azaldu du.

EPko lehendakarigai Miren Gorrotxategik ere ezkerreko gobernua eratzearen alde hitz egin du, eta, Yolanda Diazek bezala, Espainiako Gobernuaren esperientzia eredutzat hartu du: «Horrek erakusten du UP gobernuan dagoenean herritar gehienen aldeko ezkerreko politikak ezartzen direla».

«Inertziak astindu»

Baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ezkerreko gobernua lortzeko ezkerreko indarren «inertziak» astindu behar dira, Gorrotxategiren arabera: «PSE-EErentzat nahikoa izan da EAJren nazionalismoari galga jartzea, eta EH Bildurentzat, berriz, nahikoa da EAJri arlo sozialean gobernatzen uztea, horrekin jeltzaleen ildo nazionalistan sakondu ahal badute.»

Gorrotxategiren ustez, «ezkerreko bi indar tradizionalek ezkerreko gobernuaren proiektua alboratu dute, EAJren nazionalismoa gelditzearen edo azkartze- aren truke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.