Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduk uste du ez dela murrizketak egiteko sasoia osasun publikoan

Osasungintzan egindako murrizketengatik «autokritika» eskatu diote Urkulluri. Oterok Vox hautetsontzietan geldiarazteko deia egin du

EH Bilduren hautagaiak, Santurtziko ekitaldian. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Gasteizko Txagorritxu ospitalearen aurrera eraman du EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldia, osasungintzaz eta COVID-19aren pandemiak azaleratutako arazoez berba egiteko. Osasun publikoan azken urteotan egindako murrizketak kritikatu dituzte, eta nabarmendu dute oraingoa ez dela murrizketa gehiago egiteko garaia.

Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirrek gogora ekarri ditu osasungintzako langileek egindako lana, bai eta alarma egoeraren garaian pairatu behar izan zituzten baldintza eskasak ere: «Euren buruak babesteko zabor poltsak erabili behar izan zituzten, eta mediku eta erizainak nekaturik eta estresaturik ibili ziren, onena ematen gu salbatzeko». Hori dela eta, «autokritika» eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Agirrek kezka azaldu du Ordizian (Gipuzkoa) izandako agerraldia dela eta. Gogora ekarri du koronabirusa oraindik ez dela desagertu, eta berriro ere itxialdira itzultzeko arriskua aipatu du.

Gipuzkoako hautagai Rebeka Uberak «osasun sistema publikoan egindako murrizketak» salatu ditu: esan duenez, Urkullu lehendakari denetik, osasun arloko inbertsio publikoa BPGaren %5,12tik %4,78ra jaitsi da. Uberaren iritziz, horrek «begien bistako ondorioak» izan ditu, eta zaildu egin du pandemiari eman beharreko erantzuna.

«Urkullu-Mendia koalizioa murrizketa gehiagoren bermea da», esan du Uberak; eta erantsi du EH Bilduk baino ez duela bermatzen osasun arloan ez dela murrizketarik egongo eta Osakidetzan ez dutela «guraizea» sartuko.

EH Bilduko hautagaien iritziz, osasun publikoan inbertitzeko garaia da, «giza baliabidez eta baliabide materialez hornitzeko garaia, bertako langileak eskatzen ari diren moduan». Zenbait neurri aginduko dituzte datorren legegintzaldirako: 7.000 lanpostu egonkortzea «prekaritatea amaitzeko», eta 300 profesional gehiago kontratatzea lehen arretako zerbitzua indartzeko.

«Horma» faxismoari

Arratsaldean, Santurtzin (Bizkaia) egin du EH Bilduk bere ekitaldi nagusia. Han, Arabako zerrendaburu Mikel Oterok esan du koalizioa beti izan dela «faxismoa geldiarazteko horma», eta horren adibidetzat aipatu du EH Bilduren botoei esker Javier Maroto Gasteizko alkatetzatik kendu zutenekoa, edo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Marotoren eta EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedoren arteko lehia, azkenean PP ordezkaririk gabe utzi zuena.

Oraingoan, berriz, Vox alderdi ultraeskuindarra Eusko Legebiltzarrean sartzea da, Oteroren iritziz, uxatu beharreko arriskua: «Igandean hautetsontziak EH Bilduren boto paperekin bete behar ditugu, Voxi esateko frankismoak ez duela lekurik gure herrian eta duintasun demokratikoa dugula».

Haren iritziz, ezker subiranista da «boto baliagarri bakarra faxismoaren aurrean», eta nabarmendu du «partida» hori bereziki Araban jokatuko dela, hantxe dituelako Voxek legebiltzarkide bat lortzeko aukera gehien: «Auzoz auzo eta hautetsontziz hautetsontzi jokatuko da partida. Vox Legebiltzarrean sartzea galarazteko modu bakarra EH Bilduren boto papera da», esan du Arabako zerrendaburuak.

Oteroren ustez, uztailaren 12an «erantzukizun historikoa» dute herritarrek, «asko» baitago jokoan: «Krisiari irtenbide duina ematea edo faktura betikoek ordaintzea, lan eskubideak edo prekaritatea, guk hemen erabakitzea edo beste batzuek Madrilen erabakitzea».

Santurtziko ekitaldian, Jasone Agirrek gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan boto gutxi batzuei esker lortu zuela azken parlamentaria Bizkaian. Horregatik, boto guztien garrantzia nabarmendu du: «Igandean ere boto guztiak izango dira beharrezkoak. Ezin da boto subiranista eta ezkertiar bakar bat ere etxean geratu».

Iñigo Urkulluk eta Idoia Mendiak osatutako bikoteari «ukoen koalizioa» deitu dio Jasone Agirrek: «Batzuek abertzale izateari uko egin diote; besteek, sozialista izateari». EH Bilduri botoa ematea, aldiz, «erabakitzeko eskubidearen alde, langileen eskubideen alde, gazteentzako etorkizun baten alde eta pentsio duinen alde bozkatzea da», Bizkaiko hautagaiaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.