Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Gernikatik Lizarrara, Maltzagatik

Euskal Autonomia Erkidegoaren estatusa definitu duten akordioetan PSEk jokatutako rola defendatu du Mendiak; estatus horretan jauzi bat emateari uko egin izana egotzi dio, berriz, EH Bilduk EAJri: «Espainian eroso egotearen alde egin dute».

Idoia Mendia, atzo Gasteizen eginiko ekitaldian. BERRIA.
jon olano
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gernika (Bizkaia), 1931ko apirilaren 17a. Hiru egun ziren Espainian errepublika aldarrikatu zutenetik, eta Jose Antonio Agirre Getxoko alkateak, Mundaka, Bermeo eta Elorriokoekin (Bizkaia) batera, dei egin zuen Gernikako juntetxean elkartzera, «Espainiako herrien errepublika federalaren» barruan egon beharko lukeen euskal errepublikaren aldeko manifestu bat babesteko. Jendetza joan zen Gernikara bidean, baina ekitaldia indarrez galarazi zuen Espainiako armadak. Herriaren kanpoaldean izenpetu zuten «askatasunez erabakita gobernatzeko herriek duten eskubide berezko eta ezin kenduzkoa» jasotzen zuen agiria. Handik bi hilabetera, ekainaren 14an, Lizarran (Nafarroa) elkartu ziren 220 udaletako ordezkariak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa euskal estatu batean bilduko lituzkeen estatutu proiektu bat onartzeko. Irailaren 22an aurkeztu zuten proiektua Espainiako Gorteetan, eta ez zuten aintzat hartu. Funtsean, bi ikur izateaz harago, txanpon beraren bi aldeak dira Gernika eta Lizarra; Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko aldarrien bi adierazpide.

Ez dago Lizarrarik Gernikarik gabe, eta Gernika ez da soilik autonomismoaren zuhaitzari zutik eusten dion ikurra. Herenegun, ordea, Gernika eta Lizarra kontrajarri zituen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak ETB2n eginiko eztabaidan: «Abertzaleek, estatutu- markoa egiteko bildu diren bakoitzean, porrot egin dute. Porrot egin zuen Lizarra I-ek, 1930eko hamarkadan, eta Lizarra II-k, 1990ekoan. Aldiz, arrakasta izan zuen Gernika I-ek, 1936an, eta Gernika II-k, 1979an. Beraz, itun hori berritzen dugunean, zabala izan behar da, eta, batez ere, bideragarria. Jendeak ziurtasuna behar du, ez konfrontazioa edo bazterkeria».

Itun hori gaurkotzeko eztabaida izan da Eusko Legebiltzarrak azken lau urteetan mahai gainean izan duen gai nagusietako bat. Beraz, kanpainan ere izaten ari da leku esanguratsua, eta espero daitekeenez gaiak agendan jarraituko du datozen urteetan ere, testu artikulatu baten tramitazioak aurrera egiten duen neurrian.

145 kilometro daude Gernika eta Lizarra artean, eta bide azkarrena hartuta, saihetsezina da Maltzagatik (Eibar, Gipuzkoa) igarotzea. Jakina da Telesforo Monzon buruzagi abertzale historikoaren nahia; abertzaletasunaren bi familia politikoak Maltzagaraino —independentziaraino—elkar hartuta joatea, eta gero norberak defenda dezala bere gizarte eredua. Eta, atzo, Monzon sortu zen etxean izan zen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, Bergarako Olaso dorrean (Gipuzkoa), azken bi urteetan Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eginiko ibilbidea baliatuta EAJri kritika egiteko: «EAJ zuzentzen dutenak ez daude abertzaleen arteko itun bat egiteko prest, estrategikoki ez dute hori nahi, beste proiektu politiko batean daudelako: Espainiako Estatuan eroso egotearen aldeko apustua egin dute, independentziari eta burujabetzari uko egin diote».

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, ordea, jeltzaleek autogobernuaren alorrean jasotako proposamena xehatu zuen Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean: «Euskadiren aitortza nazionaletik, aldebikotasun gaurkotutik eta nazioartean parte hartzetik abiatutako akordio zabalen alde egiten dut».

Izurri bat kanpainan

Gernika eta Lizarra arteko bideak ia zeharkatzen du Ordizia ere, eta Goierriko udalerria dago egunotan kanpainaren erdigunean, COVID-19ak han izandako agerraldiaren ondorioz. Ordezkari publikoek ez dute itxialdi orokorrik agindu, baina hainbat herritar etxean geratu beharrean dira, gaitza dutelako edo birusa dutenekin kontaktuan egon direlako. Hori horrela, ikusteko dago zer bermerekin egin ahalko diren hauteskundeak eskualde horretan; nola ziurtatuko zaien boto eskubidea etxetik atera ezin direnei eta, areago, arazoak egongo ote diren hauteskunde mahaiak osatzeko.

Gaiaz jardun zuen Urkulluk Ser irrati katean eginiko elkarrizketa batean: ez du hauteskundeak atzeratzeko asmorik, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daudela iritzita. Halere, aitortu zuen ziurtzat jo behar dela zenbait pertsonak nahiago izango dutela etzidamu etxean geratu, badaezpada.

Ordiziako agerraldiaren hedapen maila ere eztabaida gaietako bat izan zen ETB2n asteartean eginiko debatean, eta, atzo, EH Bildurekin eta herriko alkate Adur Ezenarrorekin elkarlanean aritzeko eskatu zien Jasone Agirre indar subiranistako Bizkaiko zerrendaburuak Urkulluri eta Mendiari, «osasun larrialdi honi elkarrekin aurre egin ahal izateko».

Ezkerra: soluzio edo deabru

Beste parametro batzuetan aritu ziren, ordea, Elkarrekin Podemos eta PP+C's; bata, ezkerreko politiken bertuteak azpimarratuta eta, bestea, politika eta politikari horiek hondamendi ekonomikoaren pare jarrita. «Unidas Podemos gobernuan dagoenean, benetan ezkerreko politikak egitea posible da», nabarmendu zuen Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa ekitaldian zuela.

Iturgaizek, berriz, Pablo Casado PPko presidentea izan zuen alboan, eta Casadok zentro-eskuinaren balizko boto emaileei mintzatu zitzaien, EAJra ihes eginiko botoak berreskuratu nahian: «PPk apirilean galdu zuen eserlekua Bilduk irabazi zuen. Hori bera gerta daiteke orain; 200 botoren lehian gaude Gipuzkoan, eta, ez bada merkatu askearen eta askatasunaren aldeko boto moderatua eta eraginkorra PP+C's-en inguruan batzen, boto horrek eserleku bat gehiago eman diezaioke nazionalismoari edo ezker erradikalari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.