Iker Iraola Arretxe.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZGORA

Mendigoizaleak

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Elementu garrantzitsua da mendia euskal iruditerian. Zehatzago, abertzaletasuna ere mendiari oso loturik egon izan da, XX. mendeko hastapenetan lehen mendigoizale abertzaleek euren jardunari ekin ziotenetik. 1920ko hamarkadan, aurretik herrialdeka antolatuta zeuden taldeak batu ziren, eta Euzko Mendigoxale Batza sortu zen, Eli Gallastegi Gudari-ren gidaritzapean. Talde horien inguruan garai hartako ildo independentista garatu zen, ondoren Jagi-Jagiren inguruan jarraitu zuena, euskal nazionalismoa zatitua zegoen garai batean. 1936ko gerran borrokatu zuten mendigoizale horien ildoa etenda gelditu zen, oro har. Historialari batzuen aburuz, ikuspegi honek ezkerreko abertzaletasunarekin izan zuen jarraipena.

Antza, mendiak elementu nabarmena izaten jarraitzen du. Aurreko astean, EAJk «Nos vamos a echar al monte»— «mendialdera goaz», euskaraz— gaztelaniazko leloa zabaldu zuen sare sozialetan. Esamolde horrek gaztelaniaz duen zentzu bikoitza baliatu zuten jeltzaleek, esaldi horrekin, mendira joateko deia egiteaz gain, borrokara edota muturreko posizioetara ere deitzen baita.

Kanpaina sareetan hedatu arren, Andoni Ortuzar EBBko buruak aurretik argitu zuen mendia ardatz izango zuen ekitaldi batzuez ari zirela jeltzaleak. Inork ez zuen kontrakorik espero, kanpaina honetan —eta kanpainatik at ere— ordenan eta moderazioan kokaturik baitaude jelkideak. Areago, kanpainan bi aldeetara begira ari da EAJ, abertzaletasunari eta aurretik Alderdi Popularrari botoa eman dioten sektoreei. Nago bigarrena nabarmenago egiten ari dela aste hauetan, mendirako deia ere egin arren.

Soziologia politikoan catch all-party edo alderdi orohartzaile deitzen zaie ideologia desberdinetako hautesleak erakarri nahi dituzten alderdiei. Jarrera horretan graduak daude; izan ere, gaur egun alderdi gehienek modu horretara jokatu nahi dute hauteskunde kanpainetan. Definizio ideologikoa azpimarratu baino gehiago, lelo orokor batzuen inguruan hautesleak bildu nahi dira. Baina alderdi orohartzaileek ezaugarri hori areagotzen dute, eta euren definizio ideologikoa lausotzen edo ezkutatzen dute. Ez genuke hegemoniarekin nahasi behar, azken horren norabidea aurkakoa baita: jendartean aldaketa kulturala eragin, ondoren egoera berri hori erakundeetan gauzatu ahal izateko.

Azkenean, igandean ekitaldi jendetsuak egin zituen EAJk, mendi tontor batzuetan. Ezohiko kanpaina honetan, paradoxikoki, ekitaldien formatua ohikoa izaten ari da oso, eta hedabideen arreta jasotzeko balio izan dute mendi igoera horiek. Edukiaren aldetik, ez zen mendigoizaleen eraginik antzeman, Iñigo Urkulluk argi baitu orohartzailea izaten jarraitzeko gai batzuk ezin direla eztabaidaren muinean egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.