"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, September 24, 2006

Bat, bi bi, hiru hiru hiru, lau lau lau lau


Duela gutxi zereko zerean (hau burua!) ikas-atazek sudokuek duten erakargarritasuna izatea lortu behar dugula irakurri nuen. Hau da, sarritan proposatzen ditugun ariketek ez dutela inolako gatzik; gogaikarriak direla, alegia. Ados eta konforme, nola ez!
Baina honetan ere tentuz jokatu behar dugu. Batzuetan orijinaltasunaren izenean, ikaskuntzak berezko duen errepikapena saihestu egiten baitugu. Errepikapena beharrezko da automatismoa lortzeko eta beronek eragin handia dauka jarioan, monitorizazioan... Pentsatzen jarriz gero, konturatuko gara gauzak zail direla ikasten errepikapenik ez badago.
Programazio batzuk linealegiak direla uste dut, ez dutela ezein programaziotan beharrezko den jira-birarik (marra batez irudikatuko genituzke, espiral batez irudikatu beharrean). Dena beti berria izan behar honek sarritan ikasleari gehiegizko ahalegina eskatzen dio eta ez dio ezagutza tinkatzen uzten.
Gainera, errepikapenak ez du derrigorrez aspergarri izan behar. Ez ote dira sudokuak errepikakorrak, bada?

3 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Zera Alvaro Gregoriren blogeko aipua izan zen. Karrajura ekarri nuen. Han esan nuena berriro diot, blog gomendagarria, ez e-learning-ean dabiltzanentzat soilik. Aipu, albiste eta hausnarketa politak ekartzen ditu, azkenengo hau berbarako. Arazo teknikoak eduki ditu udan eta bloga berrantolatzen dabil. Horrela, ekarri nituen aipuak eta mezu zaharrak oraingoz ez daude eskuragarri.
Errepikapenarena bestalde, nire ustez gure munduan zabaldu den ikuskera batetik dator, eskolak dibertigarriak eta ludikoak izan behar dutenez, ezin da monotonian jausi, eta hau zelan ulertzen den-eta, askorentzat tabua da gauza bat behin eta berriz egitea.Apuntatzen duzun bezala, ikastea neurri baten gauzak behin eta berriro egitea da lortu nahi dugun mailara arte. Zer da arriskutsuagoa: monotonia ala azalean geratzea?

11:53 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Arrazoi duzu morroi interesgarria Alvaro Gregori, nik ere jarraitzen dut bere ibilbidea.
Denok uste dugu eskolek dibertigarriak eta ludikoak izan behar dutela baina kontuz ibili behar dugu zuk behinola irakasleak definitzen hasita berbeneroak deitzen zenituenekin (sailkapen gogoangarria hura!). Gaur egun denak izan behar du berria. Nire ustetan originalak eta berritzaileak izan behar dugu errepikapena ez dadin monotoniaren sinonimo izan.Ezer ez da berdin, Benito.
Asko eskertzen dizut astero hemen aritzeko hartzen duzun lana,baina ni aspaldiontan esker txarreko nabil. Sinestuiazu, ozta-ozta ateratzen dut denbora hau idazteko (igandean, zuk bezala)eta zure ataria eta beste pare bat irakurtzeko. Etorriko dira garai hobeak!

1:45 PM

 
Anonymous Anonymous(e)k dio...

Trankil gizona! Gustura nabil hemen parraplan. Ez dago erantzuteko halako derrigorrik. Astean behineko erritmo hori gure blogosferan zelan dabilen ikusita ez da batere txarra.

4:20 AM

 

Post a Comment

<< Home