"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, October 15, 2006

Wikirakaslea



Aurreko batean irakasleon artean edo irakasle eta ikasleen arteko harremanean sor litekeen arraildura digitalaz aritu nintzaizuen. Oraingoan, berriz, beste balizko eten bati buruz natorkizue hausnarrean: arraildura didaktikoaz, alegia.

Didaktikak edozein zientziak lez bere bidea egiten du (eztabaidagarrria oso, beti aurrerabidea denetz), irakaslearen lana da didaktika zertan den ezagutzea eta beronen inplementazioa egitea.

Didaktika ikasgelaratze hau, ostera, tentuz egin beharreko gauza da. Tentuz, batetik, argi izan behar dugulako ildo garbiak ez direla beti eraginkorrenak izaten eta tentuz, bestetik, ezein planteamendu didaktikok ikaslea, norbanakoa, izan behar duelako gune: ikaslea eta bere iguripen didaktikoa. Baina iguripen honek, berak ezaguna duen didaktika du oinarri (duela urte batzuk eskolan edo unibertsitatean erabilitakoa, hain zuzen)

Didaktika hemen eta espektatiba han; orduantxe sor liteke arrailduraren arriskua. Beharrezko du irakasleak pare bat pausu aurretik joatea baina tartea luzeegia bada, ez da ezinbestekoa den ikasle-irakasle komunikaziorik izango. Beraz, planteamendu didaktikoa bera ere negoziatu beharrekoa da; kontsentsua behar da ikaslearen eta irakaslearen artean.

Batzuetan irakasleak uko egin behar dio gogoak eskatzen dion Wikirakasle Williszale amorratua izateari eta bere ikasleak ulertuko duen hautu didaktiko narras eta nahasiago baten aldeko apostua egin.


2 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Ez dakit ba, ikasle gehien-gehienek ez dute didaktika-jerga ulertuko, irakasle askok bezala. Baina gauzak era natural baten azalduz gero ulertzeko modukoak direla uste dut, hori lortzea da arazoa (eta norberak ulertzea ere bai). Hori bai, galderei eta arazoei iniziatuegandik urrun dabilen ulertezinezko hizkera sakratuarekin (maiz geuk ere memoriaz ikasia) erantzunez gero, arraildura ez, amildegia ere egingo dugu.
Dena dela, ederto plazaratu duzu kontu bat. Bere psikolastoetan isolatuta geratzen den irakaslearena. Didaktika kontuetan sarri gertatu da, eta orain teknologiaren asuntuarekin ere beste hainbeste gertatzen ari ote den nago. Eskerrak teknologiak horrelakoak botatzeko parada ere ematen digula.

12:54 PM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Kontua da, irakasleak didaktikarekiko ardura izan behar duela.Lan guztietan baina gurean bereziki etengabeko formazioa ezinbestekoa da. Ikastaroren batera joan izan naizenean sarritan sumatu dut teoria eta praktikaren arteko etena. Egia da didaktikari batzuek erakusten dituzten ereduak polito gara litezkeela unibertsitateko tesia baten bidez, baina gauzak oso bestelakoak direla euskaltegiko ikasgela barnean. Baina egia da, helaber, honek ez gaituela eraman behar teoriaren balioa ukatzera. Pellokerietara jota, derrigorrezkoa baita teoria ezagutzea praktikan ipini ahal izateko.
Formazioan huts egiten ari garelakoan nago. Badaude bai, ikastaroak... baina euskaltegiok formazio plan egituratua izan beharko genukeela irizten diot.
Bestalde, arrazoi duzu hizkeraren kontuekin. Zehaztasuna lortzeko asmoz sortu zen jerga profesionala zenbaitetan distantzia markatzeko modu lez erabiltzen da era okerrean. Distantzia, arraildura, eta amildegiak sortu ahal zaizkigu didaktika ez badugu ikaslearen zerbitzutan jartzen, berarekin negoziatuz ikas-irakasprozesua eta bere neurriko eta berak eroso urra lezakeen ibilbidea eskainiz.

11:42 PM

 

Post a Comment

<< Home