Contador helmugan tiroaren keinua egiten Oraindik kosta egiten da Parisen jazotakoa irenstea. Bai, orain astebete eskas izandako atentatu sortaz ari naiz. Bazirudien 11-S famatuaren ondoren hartutako segurtasun neurri aunitz eta eskandalagarri haien ondoren gauzak kontrolpean izatetik urruti daudela, alferrikakoak direla alegia. Akaso pentsatu beharko da, frantziarrei kasu honetan, horrelako gorrotoa eragiteraino zerk eraman dituen ekintzaile horiek. Baina hori “dakitenei utziko diegu”, asko baitira gaiaren inguruan dakitenak, telebista nahiz prentsan hala dirudi behintzat.

Gurea txirrindularitza denez, gaiarekin lotutako beste kontu bat ekarri nahi nuen txoko honetara. Izan ere Contadorri berriki egin dioten Huffington Posteko elkarrizketa batean bere keinu itsusiagatik galdegin baitiote. Bai, garaipenak ospatzeko eskua pistola bihurtu eta tiroa botatzen duen keinuaz ari gara.  Orain arte ez da jabetu gizona zein keinu itsusia zen eta Pariseko atentatuen ondoren, jakinda hurrengo urtean ere Tourra helburu izango duela, ez da egoki ikusten keinu hori erabiltzea. Kazetariek zentzu horretan egin diote behintzat galdera. Pintokoaren esanetan, ordea, “garaipena era horretan ospatzeak ez du tiro edo biolentziarekin zerikusirik, ikuslegoari garaipena erakusteko da, baina norbait horregatik minduta sentituko bada, ez dut arazorik albo batera uzteko”.

Arrazoi du; nola pentsatuko dugu bada ‘pistolero’ ezizenez ezagutzen den txirrindularia, helmugara kamera, alegia, gu jomuga hartuz, tiro keinua egiten duenean biolentoa dela? Biolentoak arratsaldero ETB2 katean izaten diren western pelikulak dira; tiro alde guztietatik eta uneoro, odol tantarik ikusten ez bada ere.

Serioago jarrita, Igor Elortzari iaz irakurri nion txio bat etorri zait gogora. Bertan keinu gogaikarria zela zioen bertsolariak. Ni guztiz bat nator eta garbi geratu da egin dioten elkarrizketan, izan ere keinu horrek mina eragin dezakeela agerian geratu da, azken atentatuek sentsibilitatea areagotu badute ere.

Igor Elortzaren iritzia Twitterren

 

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.