Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 23 urria, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Ideable-k 4.0 Industriara hedatu du pertsona nagusien arretari buruzko ezagutza

Enpresa bizkaitarra soluzioak garatzen ari da errealitate areagotua, IoT, Big Data eta beste teknologia batzuk konbinatuta

Enpresa bizkaitarra soluzioak garatzen ari da errealitate areagotua, IoT, Big Data eta beste teknologia batzuk konbinatuta

 

Zazpi urte darama enpresa Ideable Solutions eraldaketa digitala hainbat arlotan sustatzen. Jatorrian, osasunaren eta pertsona nagusien sektorerako soluzio teknologikoak ematera bideratuta egon bazen ere, Ideablek industriara bideratu ditu bere esperientzia eta ezagutza azken urteetan. Hala, 4.0 Industria izenez ezagutzen diren teknologietan —besteak beste, IoT, sentsorika, datu-analisia, errealitate areagotua eta biometria— oinarritutako soluzioak garatzen ari da. Iñaki Bartolomé Ideable-ko CEOarekin hitz egin dugu.

 

Ideable ezaguna da nazioartean pertsona nagusien eta osasunaren arloetan egindako garapenengatik. Noiz erabaki zenuten zuen merkatua 4.0 industriara zabaltzea?

Egia esan, Ideable ez zen jaio 4.0 Industriari begira, osasunaren eta pertsona nagusien arloaren eraldaketa digitalari laguntzeko baizik. Hala ere, industriak berak jo du gure atea eta galdetu digu ea osasun-arlorako garatu ditugun soluzio batzuk industriara egokitu ditzakegun. Kontua da teknologia batzuk zeharkakoak direla, eta haien bila etorri da industria gugana.

 

Konta iezaguzu zer soluzio ari zareten eskaintzen 4.0 Industriarako.

Sentsorika eta IoT konbinatzen dituzten proiektu batzuk ditugu esku artean, baita softwarean oinarritutako beste batzuk ere. Adibidez, FieldVision deritzon produktu bat garatzen ari gara. Smartphone batean edo errealitate areagotuko betaurrekoetan erabil daitekeen app bat da, urruneko laguntza emateko erabil daitekeena. Makina batean arazo bat gertatuz gero, munduko edozein tokitan dagoen teknikari bat makinarekin lanean ari den beste batekin konekta daiteke bideo-dei bidez. Horrela, urrunean dagoen teknikariak telefono mugikorrarekin edo errealitate areagotuko betaurrekoekin eska diezaioke besteari puntu batera enfokatzeko, hara hurbiltzeko; zoom-a urrunetik kontrolatu dezake, argia piztu, kalitate handiko argazkiak atera, azalerak neurtu edo saio osoa grabatu dezake. Urrunetik gidatu dezake beste teknikaria, konponketa egiten ari den bitartean. FieldVision-i esker, industriak laguntza eraginkorra du makinen mantentze-lanetarako, eta, gainera, bezeroei eskain diezaieke balio erantsiko produktu gisa.

 

IoT-ri eta datu-analisiari dagokienez, zertan ari zarete?

Badugu proiektu bat esku artean, zeinean sentsoreak jartzen ditugun fabriketan, ekoizpen-kateak nola funtzionatzen duen jakiteko. Piezak lehortzen dituen planta batean aplikatuko da. RFID teknologia duten sentsoreak jarrita (300 gradu arteko tenperaturak jasan ditzakete), erraz beha dezakegu piezak lehortze-gunera noiz sartzen diren, noiz ateratzen diren, lehortzeko zenbat denbora behar duten eta abar. Horren bidez, historia-taula bat sor daiteke prozesu osorako zehazki zenbat denbora behar den jakiteko. NFC teknologian eta pertsonen ezagutza biometrikoan oinarritutako sarbide-sistema bat ere garatu dugu, eta industria-instalazioetan eta Barakaldo Antzokian ezarriko dugu.  Big Datari dagokionez, elektrizitate-kontagailu adimendunetan jasotako datuen analisiak egiten ditugu, energia-ihesak detektatzeko.

 

Erabiltzen dituzuen teknologia horietatik guztietatik zein da, zuen ustez, 4.0 Industriari dagokionez erabakigarriena?

Eskala handian pentsatuz, nik uste dut datu-analisiei aplikatutako adimen artifizialak eman behar digula etekinik handiena. Garrantzitsua da informazioa jasotzea, baina datu horiei adimena eranstean dago gakoa. Alabaina, prozesu hori ez du gailu jakin batek egiten, gailu askoren konbinazioak baizik, adimen artifizialarekin bateratuta. Adimen artifiziala gure prozesuei aplikatzen jakin behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da negozioa eta industria sakon ezagutzea. Nire ustez, industria askoz gehiago inplikatu behar da, bere prozesuak nola hobetu ditzakeen argitzeko. Batzuetan, industriak enpresa teknologikoen esku uzten du hobetu beharreko alderdiak bilatzeko lana. Baina industriak berak daki, beste inork baino hobeto, zertan hobetu behar duen.

 

Enpresek zer heldutasun-maila dute teknologia berri horiek beren prozesuetan txertatzeari dagokionez?

Harrera ona da. Argi dute eraldaketa digitala funtsezkoa dela, baina ezjakintasun handia dago. Enpresa batzuek ezagutzen dituzte Big Data, adimen artifiziala, IoT eta antzeko kontzeptuak, baina berengandik urrun ikusten dituzte eta ez dakite beren kasu zehatzetan nola aplikatu. Enpresa jakin bati abantaila ekonomiko handiena eskainiko dieten teknologiak gomendatzeko gai diren aholkulariak falta dira. Gainera, enpresei teknologikoki laguntzeko erraztasunak jarri beharko lirateke, eta kontzeptu teknologiko jakin batzuk azaltzeko ahalegin handia egin behar da oraindik.

 

Zein dira Ideable-ren erronkak?

Une honetan, 25 langile ditugu, eta negozioaren bolumenaren erdia 4.0 Industriarekin erlazionatutako proiektutara bideratuta dago. Gainerakoak osasunari eta pertsona nagusiei zuzendutakoak dira. Azken arlo horretan, erreferentzia gara Europan. AAL Forum-aren (Active and Assisted Living) kide gara, eta pertsona nagusien zaintzarekin erlazionatutako sei I+G proiektutan ari gara lanean haiekin. Argi dugu industriak bere erronkak dituela, baina pertsona nagusien erronka are handiagoa da. Bizi dugun eztanda demografikoaren ondorioz, pertsona nagusiak zaintzeko modu proaktiboagoak eta arreta gutxiagokoak behar dira, bestela sistemak behea joko du.

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak