Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 8 urtarrila, 2019 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Plain Concepts enpresak datuetan eta adimen artifizialean oinarritutako eraldaketa digitala bultzatzen du

Konpainiak datu-atzematearekin eta informazioa bistaratzearekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu
Ibon Landa, Plain Concepts enpresako kudeatzaile nagusi eta 4.0 Industriako zuzendaria.

 

Konpainiak datu-atzematearekin eta informazioa bistaratzearekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu

 

Plain Concepts aholkularitza bat da, beste enpresa batzuei laguntzen diena beren eraldaketa digitaleko prozesuetan, arreta berezia eskainiz datuen analitikako elementu eta teknologiei: lainoko biltegiratzea, konektagarritasuna, adimen artifizialaren erabilera informazioa aztertzeko eta datuak bistaratzeko tresnak. Bulegoak ditu Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Leonen, Seattlen, Londresen, Frankfurten, Amsterdamen nahiz Dubain, eta 25 langile inguru ditu Bilboko egoitzan. Ibon Landarekin hitz egin dugu, Plain Concepts enpresako kudeatzaile nagusi eta 4.0 Industriako zuzendariarekin.

 

Zer egiten duzue Plain Concepts enpresan?

Zerbitzu-konpainia bat gara, eta ia denetarik egiten dugu era guztietako enpresentzat. Gurekin lan egiten duten antolakundeek badauzkate eraldaketa digitaleko lantaldeak, baina askotan ez daude gu bezain aurreratuak arlo teknologikoan. Plain Concepts enpresan saiatzen gara beste batzuk ikasi ezin izan duten hori ikasten. Saiatzen gara abangoardian egoten, beste enpresa batzuei aurrera egiten laguntzeko. Espezializazio-arlo desberdinak dauzkagu. Horietako bat da 4.0 Industriarena, non Smart Concepts izeneko ekimen bat baitugu martxan sektore zehatz horretarako konponbide espezializatuak eskaintzeko.

 

Nolako konponbideak eskaintzen dituzue 4.0 Industriaren arloan?

Lehenengo pausoa da enpresei laguntzea ulertzen zer den eraldaketa digitala eta zer den 4.0 industria. Azaltzen diegu zer egin dezaketen enpresan dauzkaten datuekin eta nola aprobetxa ditzaketen. Konponbideak eskaintzen dizkiegu makinen datuak bildu, bistaratu eta tratatzeko, baditugu baita ere Big Data arloko konponbideak, adimen artifizialekoak…

 

Enpresek datuak dauzkate, baina gerta liteke datu horiek ez izatea behar adinako kalitaterik edo ez jakitea zer egin datu horiekin. Horregatik, hasierako aholkularitza-saioan kontzeptuak finkatzen ditugu. Guretzat garrantzitsua da bezeroek esatea nolako datuak darabiltzaten eta zein arazori aurre egin behar dieten, aholku ematea maila teknologikoan eta eurek ikus ditzatela teknologia horren aukerak.

 

Zer ari zarete garatzen 4.0 Industriaren arloan? Kasu zehatzen bat konta dezakezu?

Acciona Energía-rekin dihardugu lanean, energia berriztagarrien sektoreko konpainia batekin. 90.000 balore desberdin biltzen dituzte milisegundo bakoitzeko eguzki-energia biltegiratzeko lantegi bakar batean. Eguzki-jarraitzaile bakoitzak informazioa atzematen du argiaren intentsitateari, haizeari, bibrazioei edo orientazioari buruz eta aldagai horiek eragina dute produkzioan.  Plain Concepts enpresak laguntza ematen die informazio hori guztia biltzeko, garbitzeko, lantegian eta lainoan biltegiratzeko, denbora errealean tratatzeko, analisi deskriptiboak egiteko, adimen artifiziala inplementatzeko eta bistaratze-tresnak garatzeko arlo desberdinentzat: arlo industrialerako aplikazioak eta aplikazio pertsonalizatuak negozio-arduradunentzat edo aginte-zentroarentzat. Lan horri esker jakin dezakegu nolako eragina duten haizeak edo bibrazioek energiaren produkzioan, eta mantenimendu-lanak ere egin ditzakegu jakiteko eguzki-atzemaile bat benetan ari den sortzen sortu behar lukeen energia guztia.

 

Hona hemen beste adibide bat: adimen artifiziala erabiltzen dugu erreklamazioen helbide elektronikora iristen diren mezuak sailkatzeko. Testu- eta sentimendu-analisirako tresnak aplikatzen ditugu mezuak sailkatzeko, langile batek ez ditzan e-posta guztiak gainbegiratu. Mezu bat garrantzizkoa dela detektatzen bada, langile bati bidaltzen zaio arreta handiagoz irakur dezan.

 

Badauzkagu adimen artifizialean oinarritutako beste proiektu batzuk ere, energiaren optimizazioan erabiltzen direnak. Kasu honetan aire girogailuen erabilpena optimizatzen ari gara, aireko tenperaturari buruzko informazioa bilduz aireportu bateko bidaiarien terminal bateko gune batean. Informazio horri bestelako datuak gehitzen dizkiogu: terminal horretan izango den hegaldi kopurua, eremu horretatik pasako den bidaiari kopurua edo eguraldiaren iragarpenak. Hala, aire girogailuen erabilpena hobetzen dugu energia kontsumoa murrizteko.

 

Datuen analitikaz eta adimen artifizialaz gain, errealitate birtualean eta errealitate handituan oinarritutako konponbideak garatzen dituzue. Zein esparrutan?

Bistaratze-motor propio bat garatu dugu: Wave Engine. Horri esker 3D, errealitate birtual eta errealitate handituko konponbideak garatzen ditugu, teknologia berbera erabiliz eta plataforma anitzetan. Dagoeneko hainbat proiektutan aplikatu dugu, esaterako, errealitate handitua erabiltzen duen aplikazio mugikor bat garatu dugu BBVArentzat salgai dauden etxebizitzak bilatzeko.

 

Halaber, medikuak gidatzeko laguntzaile bat garatzen ari gara Osakidetzarekin batera, laguntzaile horren bidez ezagutu dezaten ospitaleak pazienteari buruz duen informazio guztia eta lagungarri izan dakien biopsian zehar.

 

Gure teknologia berdin erabil daiteke eremu logistikoetan “picking” sistemak optimizatzeko edo makinen urruneko mantenimendu-lanak egiteko. Azken kasu horretan, errealitate handituko betaurrekoak dituen langile batek mantenimenduko teknikari baten argibideak jaso ditzake munduko edozein tokitatik, dela checklist bat egiteko, dela makina batekin aritzen laguntzeko makina hori gaizki dabilenean  edo langileak ez dakienean nola erabili.

 

Zure ustez zeintzuk izango dira 4.0 Industriaren arloko teknologia garrantzitsuenak etorkizun hurbilean?

Adimen artifiziala eta blockchain izango dira bi teknologia disruptiboenak eta negozioari gehien lagundu diezaioketenak. Blockchain teknologia trazagarritasunari aplikatuko zaio, horrela bermatzeko bezeroari iristen zaion informazioa ez dagoela manipulatuta. Halere, lege arloko hainbat hesi gainditu beharko ditu. Adimen artifiziala, bestalde, ikaskuntza automatikotik (machine learning) haragoko ikuspuntu batetik ulertu behar dugu. Irudiak ezagutzeko adimen artifizialeko sistemak hainbat esparrutan aplikatu daitezke, hala nola, laneko arriskuen prebentzioan, presentzia kontrolatzeko, ziurtatzeko langileek segurtasun material egokia darabiltela, jakiteko zenbat pertsona dauden lantegian eta, ebakuatu behar badira, ziurtatzeko denak irten direla. Adimen artifizialak eta blockchain-ak sekulako potentziala dute.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak