Firestone lantegia berreskuratu dute, lan, harreman eta bizimodu eredu alternatiboak sortzeko espazio baten beharra dela eta. Bi asteburu barru batzar bat egingo dute egitasmoa egituratzeko.
Motxila eta lo zakuekin bertaratu ziren ostiralean, Firestone lantegia berreskuratzeko prest. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Maiatzaren lehena berezia izan ohi da urtero, baina aurten are eta bereziagoa izan da Añorga eta Donostialdeko hainbat herritarrentzat. Hain zuzen ere, Langileen Nazioarteko Egunean Firestone lantegia berreskuratu zuten Añorgan, joan den asteburuan, Eraldia izeneko proiektua abian jartzeko helburuarekin. Egitasmoaren xede nagusia lan, harreman eta bizimodu eredu alternatiboak sortzeko ekimenak garatzeko espazio bat eraikitzea da, eta hori guztia posible egiteko egitura bat sortzea.
Lehen hartu emana asteburuan egin zuten bertaratutakoen artean, baina jasotako ekarpenei forma emateko lanak jarraipena izango du bi asteburu barru, Firestonen bertan antolatuko duten beste batzar batekin. Prozesu eratzaile bat abian jartzea izango dute helburu, kasu horretan.
Eraldia egitasmoko bultzatzaileen esanetan, kapitalismoaren arauei aurre egitea ez da erraza, baina badira ingurua eraldatzeko prest dauden erakunde eta norbanakoak, eta proiektu horien guztien berri edukitzeko, joan den asteburuan saretze lan mardula egin zuten. Horrenbestez, lehen urratsa egin dute, bi asteburu barru etorriko denaren aurrekari.
Maiatzaren 1a ez zuten besterik gabe aukeratu. Izan ere, lehen pausoak ematen hasteko aitzaki gisa baliatu zuten eguna. Hala, bertaratutako guztien esperientziak ezagutu eta elkarbanatu zituzten, auzolanean, eztabaida, hausnarketa eta elkarrizketen bitartez.
Easo plazan, hitzordua
Irrika handia piztu zuen Eraldiak sare sozialetan, eta ehunka lagun bildu ziren Easo plazan, joan den ostiraleko 16:00etarako jarritako hitzordua zela eta, Añorgan aurkituko zutena ondo jakin gabe. Dena den, bertaratutakoak ondo prestatuta joan ziren, motxila eta lo zakuekin, asteburuko jarduerei ekiteko prest.
Antolatzaileek bilduta, taldeak Añorgarako trena hartu zuen 16:45ean; ordurako urduritasuna nabarmena izan arren, bertara iritsi behar izan zuten berreskuratzera zihoazen espazioa Firestone enpresa zela jakiteko. Enpresa hori duela urte batzuk itxi zuten, eta asteburuan, proiektu eraldatzaile bati ongi etorria egiteko bildu ziren ehunka lagun.
Ongi etorri hitzaldia entzun ondoren, atzeko atetik sartu ziren denak lantegira. Bertan, urtetan hutsik egondako espazioa berehala bete zuten.
18:15ean hasi ziren azalpenak ematen, Eraldia proiektua bertaratuei azalduz. Asanblada formatoan, borobilean eserita, lan taldeen banaketa eta proiektuaren helburuak finkatu zituzten.
Jone Etxeberria Eraldiako kidearen esanetan, Firestone lantegia espazio bezala aukeratu dute kapitalismoaren ondorioak islatzen dituelako: “Espazio hau itxita egon da urtetan, Añorgak espazioak behar dituenean herri proiektuetarako eta hauek gauzatzeko. Horregatik, prekarietateari ekintzarekin erantzuteko eta gure proiektuak saretzeko espazioa sortu dugu asteburuan, modu horizontalean”.
Egindakoari dagokionez, asteburua ondo baliatu zuten. Donostian dauden proiektu, tresna eta baliabideen inguruko sarea eta mapa osatu zuten. Formakuntzarako denbora ere izan zuten, hori baita proiektuaren beste helburu nagusietako bat. Hala, ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko hitzaldia eskaini zuten, Lakaxita Kop proiektua oinarri hartuta, besteak beste.
Eraldia etorkizunera begira dagoen proiektua dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta asteburuan partekatu eta ikasitako guztiak oinarriak eraikitzeko balioko du. Hori bai, lehen ondorioen artean bi nabarmendu dituzte: espazioak Añorgako herritarren beharrak asetzeko balio behar du, elkargune gisa; eta Añorgaz harago, Donostialdeko kolektiboen hutsuneak betetzeko erreferentziazko tokia izan behar du, era berean.
[Gallery=187]