Hilaren 13an, larunbata, Easo kalean 43, zenbakian egingo dute bigarren eskuko merkatua, goizeko 10:00etatik 14:00etara.
Bigarren eskuko bizikletak erosteko merkatua da Bizitruk. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Datorren asteburuan,
hilaren 13an larunbata, bizikleta zaharrek bigarren aukera bat izango dute
Bizitruk bigarren eskuko merkatuan. Urtero bezala,
Easo kaleko 43 zenbakiko beheko solairuan egungo dute merkatua,
10:00etatik 14:00etara, 2016 Guneko egoitzan. Aurten merkatuaren zazpigarren edizioa egingo dute, Udal Ingurumen Sailak,
Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzak antolatuta.
Donostitruk-Bizitruk merkatuaren helburua hondakinak murriztea da, horretarako berrerabilpena bultzatuz, eta mugikortasun jasangarria aldarrikatzen dute. Antolatzaileen arabera, azken urteetan, bizikletaren erabilpena izugarri igo da, eta Donostiako jasangarritasunaren oinarri bihurtzen ari da. Horrela, erabiltzen ez diren bizikletak berriro zirkulazioan jartzea dute helburu, kontsumo arduratsua sustatzeko.
Bizikletak, patinak, kaskoak eta arropa salerosteko aukera
Bizitruken mugikortasunarekin zerikusia duten
edozen material salerosi daiteke: bizikletez gain, etxean erabiltzen ez diren patinak, patineteak, kaskoak, bizikletaz ibiltzeko arropa eta bestelako osagarriak eta tresnak
saldu eta erosi ahal izango dira.
Saldu nahi den materiala 08:00etatik 10:00ak bitartean utzi ahal izango da. Bizikleta bat saldu edo erosi nahi dutenek adin nagusikoak izan behar dute, NANa aurkeztu beharko dute eta jabego egiaztapen dokumentu bat sinatu beharko dute, lapurtutako bizikleten salerosketa saiheste aldera. Bizikleten
gehienezko salneurria 300 eurokoa izango da eta ezin izango dira saldu
5 bizikleta baino gehiago pertsonako. Kalapie elkarteko kideek bizikletak zainduko eta salduko dituzte, bizikleta bakoitzeko 3 euro kobratuz
Donostitruk, berriz, gordailuko salmentan dauden mugikortasunarekin lotutako bestelako objektuez arduratuko da.
Larunbatean bertan, 14:00etan, salmentaren zenbatekoa edota saldu ez dena jasotzera itzuli beharko dute parte hartzaileek.