Hondakinak kudeatzeko zentroak errauste planta baino 163 milioi gutxiagoko aurrekontua izango du
Gipuzkoak hondakinak iraunkortasunez kudeatzeko gune bat izango du Zubietan. Zentroak Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta bat izango du, ontzi arinak tratatzeko eta materia organikoa konpostatzeko aukera ere emango duena. Zubietako gunea hondakinak kudeatzeko sarearen bizkarrezurra izango da. Nabarmentzekoa da sare horretan, Lapatxeko konpostatze planta –lanean ari da- eta Epelekoa –eraikitzen ari dira– daudela, baita bizigabetutako materiarentzako biltegia ere. 24 garbigune, hiru ekocenter eta ontzi arinak berreskuratzeko bi planta ere baditu lurraldeak. Denek Gipuzkoari «birziklapenaren jendartea» eraikitzen lagunduko diote.
Proiektua Alemaniako Haase Enviromental Consulting (HEC) aholkularitzak diseinatu du. Hain zuzen, proiektu buruak, Rolf Sieksmeyerrek, gaurko aurkezpenean parte hartu du Foru Aldundiaren jauregian, Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin eta GHKko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietarekin eta zuzendari nagusi Antton Leterekin batera.
Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantak 160.000 tona hondakin ere hartzeko ahalmena izango du. Funtsean, prozesu mekaniko biologikoan, materiari gasa eta likidoa kenduko zaizkio, eta beraz, bolumen handia galduko du: ia heren bat. Prozesu mekaniko biologikoaren ondoren, materia horretatik zati bat birziklatu egingo da, eta beste bat bizigabetu eta ondoren biltegi batera eramango da. Zubietak beste 40.000 tona ere birziklatzeko gai izango da, gaikako bilketatik lortutakoei gaineratuko zaizkienak eta, beraz, Gipuzkoa puntako herrialdeen artean jartzen lagunduko dutenak.
Horrez gain, beste 13.000 tona ontzi arin tratatzeko eta 20.000 tona organiko konpostatzeko aukera emango du. Aurrekontua 60 milioi euro da, errauskailu proiektuak baino 163 milioi gutxiago (223 milioiko aurrekontua zuen errauskailuak). Beraz, proiektu honi esker, gipuzkoarrek 163 milioi euro aurreztuko dituzte. Zubietako TMBak 54 lanpostu sortuko ditu, lanak 2014ko azaroan esleituko dira eta 2015. urte bukaeran hasiko da lanean.
Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak Zubietako gunearen moldakortasuna nabaritu du. Alegia, gero eta gehiago birziklatzeko joerari egokituko zaiola eta jendartearen aldaketei erantzungo diela: “Gehiago birziklatuz gero, horretarako egokituko da; gehiago erabiliko da gaika bildutakoa tratatzeko eta gutxiago nahastuta bildutakoa tratatzeko”.
Iñaki Errazkin diputatuak esan duenez, bestalde, “Gipuzkoak mota honetako azpiegiturak behar ditu: birziklapenaren jendartea egiten laguntzen digutenak, dirua aurrezteko aukera ematen digutenak eta etorkizunera hurbiltzen gaituztenak. Zubietako zentro berriak etorkizunari begiratzen dio, etorkizuna birziklapena eta diru publikoaren erabilera zorrotza direlako”.