"Hasieran baino okerrago gaude, lanek ez dute aurrera egin"
IRUTXULOKO HITZAk loiolatarrek gaur egin duten mobilizazioa bertatik bertara jarraitzeko aukera izateaz gain, zenbait auzotarrekin ere hitz egin du; eta egun bizi duten egoera nolakoa den azaldu dute, eta euren aldarrikapenak ere jaso ditu hedabideak.
Juli Elizalde: “Nire tabernan galera ekonomikoak izan ditut”
Juli Elizaldek Euskotreneko geltokia berriaren ondoan taberna bat dauka. Lanek erabat eragiten diotela aitortu du: “2010eko abuztutik auzoa blokatzen duen horma bat dugu, eta horrek auzotar bezala ez ezik, langile bezala ere eragiten dit. Geltokiaren egoera dela eta, urte guzti hauetan, nire tabernan galera ekonomikoak izan ditut. Loiolan beste proiektu batzuk ditugu, baina ezin dugu aurrera egin, auzoan ditugun azpiegiturak ezin ditugu hobetu. Pazientzia eduki dugu, baina hasieran esan zigutena ez dute bukatu, eta oso haserre gaude, nazkatuak gaude”.
Mari Carmen Ruiz: “Gure auzoa bakartua utzi dute”
Mari Carmen Ruiz auzotarrak lanak martxan jartzea exijitzen du. “Nahiz eta gutxinaka izan, lanek aurrera egitea nahi dugu. Ez dugu geldirik egotea nahi. Eusko Jaurlaritzak esan ziguna, ez du bete, eta gure auzoa bakartua utzi dute. Existitzen gara, Donostiako beste auzoak bezala. Lanek geldirik egoteko aitzakia krisia da, baina krisia leku guztietan dago. Gainera, beste leku askotan proiektuak egiten ari dira. Bakarrik sentitzen gara, eta beldur gara gobernuan aldaketa egonez gero, berriek iritziz aldatzea. Hitz eman ziguten lanak bukatuko zituztela; beraz, amaitu ditzatela”.
Laura Alves: “Hasieran baino okerrago gaude, lanek ez dute aurrera egin”
Hamabost urte daramatza Loiolan bizitzen eta tren geltokiaren arazoa betidanik bizi izan du. “Dena berrituko zutela esan ziguten, auzoa oso polita utziko zutela. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak orain ez du gure proiektua bere aurrekontuan, eta lanak geldirik daude. Ni topoaren ondoan bizi naiz, eta zarata eta hautsaz gain, aparkatzeko arazoak ditut. Aparkalekuak kendu dizkigute, eta gauero leku bila ibiltzen gara. Indartsu hasi ziren, baina hasieran baino okerrago gaude, lanek ez dute aurrera egin eta ez da inongo hobekuntzarik egon. Nire amaginarreba ere ondoan bizi da, eta askotan esaten dit ez dakiela geltokia bukatuta ikusiko duen”.