Partidu ona eta Jaka garaile

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 23a, 20:52

Erik Jaka lizartzarrak 22 eta 17 irabazi dio Jon Ander Peña tolosarrari Etorkizunekoen Lau t´erdiko Txapelketako partida. Hurrengo jardunaldian erabakiko da talde honetatik zein bi pilotari pasako diren fase nagusira.

Gorriz aritu da Jaka, 22 urteko beteranoa, eta urdinez Peña IIa. Oso partidu ona jokatu dute bi pilotariek. Biek egin dituzte pilotari batek bere buruari barkatzen ez dizkion huts horietakoak, bina sake falta esate baterako, baina askoz gehiago izan dira ondo jokatu eta ederki bukatutako tantoak.

Harmailak Peñaren alde zeuden, goialdekoak behik behin; biak oso ingurukoak dira, baina Jon Ander zen etxean jokatzen ari zena, eta antzematen zen asmatzen zuenean eta baita ez zuenean ere. Lehen tantoetan ikusi ditugu huts horietako batzuk, baina launa egin dutenetik hamahiruna egin duten arte zein baina zein aritu dira bi pilotariak, tanto ederrak jokatu eta eginez.

Peñak hamahirugarren tantoa egin duenean, hamahirunakoa, Jakaren botileroak atsedena eskatu du. Aulkitik indar-berrituta eta ideia garbiekin altxa da gero, eta zuzenean joan da lizartzarra hogeigarreneraino; Jakak bizi eta ongi jokatutako tantoak ikusi ditugu tarte honetan, tolosarra eusten saiatu bada ere. Jakaren bolada eten duen hamalaugarrena egitea lortu du orduan Peñak. Beste bi tanto eder egin ditu segidan, baina Jon Anderrek berak eten du bere bolada sakea motzegi atera duenean; ez da oso garbia izan eta goiko  harmailak sutu dira, baina epaileak gorri eman du. Jakak mesedea itzuli dio sakea luzeegi aterata; kuriosoa izan da, gauza bera egin baitute partida erdi aldera Jakak saketik falta egin, Peñaren hamargarren tantoa, eta segidan saketik falta egin duenean Peñak, Jakaren bederatzigarrena.

Hamazazpi eta hogeita bat eta Peña sakera. Jakak, ordea, ez du barkatu eta ezker gantxo on batekin kantxatik atera arazi du Peña eta honek jiratutako pilota eskuin boleaz luzatu du bazterrera, Peñarentzat ezinezkoa.

Txapelketa honetako finala jokatu zuen iaz Erikek, eta bide onetik doa aurten ere: galdu dituen bi sakeak alde batera ez du tantorik oparitu, erritmo bizia jarri du eta aukerakoa izan duenean, askotan, bikain bukatu du tantoa. Peñak, berriz, erakutsi digu azkar ari dela egokitzen profesional kategoriara, eta irabazi egin behar zaiola.

Jakak datorrenean Lasori irabazten badio eta Peñak Dariori, lizartzarrak eta tolosarrak egingo dute aurrera. Hori da biderik motzena. Bitik bi partida irabazita Jakak urrats handia eman du gaur hurrengo fasera pasatzeko, baina ez erabatekoa; galduta ere eduki dezake aukerarik. Peñak irabazi irabazi gabe ere izan dezake aukerarik, baina karanbola dexente beharko dute. Esandakoa, irabaztea onena! Gaur ikusi duguna ikusita, baikorrak izan gaitezke batarekin zein bestearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!