Pinturaren balioak marrazkietan

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 15a, 08:00

Aitor Irulegi Lopez (Alkiza, 1993) artistaren erretratoak ikusgai izango dira uztaila bukaera bitartean Zizurkilen kokatuta dagoen Aiztondoko Plazida Otañon, liburutegi eta ikasketa gela arteko pasabidean

Pintura, pinturaz bakarrik esplika daiteke, hitza ez da horretarako bide hoberena». Irulegiri ez zaio erraza egiten bere lanaz hitz egitea: «Askotan gertatzen da, gure lanak zentzu bat baduela, baina gu garela zentzu horren parte. Gu gaude esplikazioaren barruan».

Batxilergo artistikoa egin, EHUn artean gradua atera eta pinturaren inguruko master bat bukatu berri du Alkizako gazteak. «Marraztea txikitan denok egiten dugun gauza da, kontua da nik jarraitu egin dudala, ia oharkabean. Askotan zailena ez da ondo marrazten ikastea, pintatzen jarraitzea baizik». Masterrari esker tailerretan parte hartu eta lan egiteko aukera izan du Irulegik: «EHUk eskaintzen duen masterra, pinturan espezializatua dagoen bakarrenetakoa da. Abiadura bizian eta zarata besterik ez dagoen mundu honetan, ikasketa hauei esker espazio bat izan dugu lanerako».

Su artifizial asko dago gaur egungo gizartean Irulegiren ustez. «Toki guztietan daude kartelak, bulgarizatuta dago irudia eta hortik ihes egin nahi dut nik. Xumeagoa eta umilagoa izan nahi dut. Pintura da gauza bat behin ere iraungitzen ez dena. Gizakia elkarrekin eta naturarekin harremanetan jarri zenean marrazten zuen kobazuloetan, seguruena, inkontzienteki. Gu haien ondorengoak gara eta horretan irauten dugu».

Interdiziplinitatea modan dagoen arren, Irulegik nahiago du pintura. Bertan kokatzen du bere burua. «Nire lan metodologian beste teknika batzuk erabiliko banitu dispertsatu egingo nintzateke». Marrazkiaren eta pinturaren arteko dikotomia argitzen saiatu da bere lanekin: «Marrazkia pinturarako pauso bat bezala ulertu izan da maiz. Ni saiatu naiz pinturaren baloreak marrazkira eramaten».

Erretratuak Plazida Otañon

Pinturaren balioetako bat da, egindakoaren gainean berriz pintatzea. «Zizurkilen jarri ditudan erretratu hauetan hori egiten dut. Grafitoa eta borragoma erabilita, marraztu eta borratu egin dut, jarri eta kendu. Arau horiek zalantzan jartzeko modu bat da». Ikusgai dauden 10 koadroetan teknika hori erabili du Irulegik, «egileak nahi duena, askotan, gutxienekoa da. Teknikak zu aurkitzen zaitu. Materialak berak esaten dizu zein bide hartu. Pintoreak erabaki gutxi hartzen ditu, besteak beste, zenbateko tartea utzi materialari. Zentzu horretan, pintura bortitza da, exigentea. Harreman estu bat dago hor eta egilearen inplikazioa beharrezkoa da».

Aitortzen du Irulegik lanean ari den bitartean, bero egoten dela eta erreflexio maila bat dagoen arren, ez duela geldialdirik egiten pentsatzeko: «Egurra ematen dut». Gero hartzen dute koherentzia bere lanek. Plazida Otaño liburutegian ikusgai daudenek tamaina dute komunean A4 formatuan eginda daude. Teknika bera erabili du lanak burutzeko grafito barra eta borragoma edo tinta eta garaitsu berean egindakoak dira iaz. Baina, batez ere, asmo bat ezkutatzen da lan hauen atzean: «Erretratu bat egiterako orduan sortzen den harreman horretan, lehenago sarbidea ez zeneukan gauzetara sarbidea duzu. Saiatzen naiz sakonekoa, taxuzkoa eta benetakoa den horrekin konektatzen. Nahiz eta askotan ez dudan lortzen. Ez da bilaketa bat, bizipen hori eduki nahi bat baizik». Erretratuetan badaude irakurtzen, edo pintatzen ari diren pertsonak, «nolabait, ezer ez egitetik gertuen dagoen gauza bat egiten ari dira».

Lan hauek osatzerako orduan, Frank Auerbach eta Alberto Giacometti izan ditu inspirazio iturri Irulegik, «pintore eta erretratugile bezala artista handiak dira». Gerturago etorrita, ordea, oso presente du Juan Luis Goenaga herrikidea: «Bere semearen laguna naiz eta txikitatik gordetzen ditut oroimenean bere tailerra eta pinturaz betetako galtza horiek. Baina batez ere, 'pinturaz bizi daiteke', hori irudikatzen zuen niretzako Juan Luisek».

Eta hori du helburu bezala Alkizako gazteak: «Nik ez dut pinturatik bizi nahi pintura salduz; pintatuz bizi nahi dut». Horregatik, datorren ikasturtean, doktorego ikasketekin jarraitu nahi du Leioako campusean. «Horrek aukera ematen dizu pinturaren munduan lanean jarraitzeko». Aiztondoko liburutegian jarri duenarekin batera, beste hainbat erakusketa kolektibotan erakutsi ditu bere lanak Irulegik. «Helburua ez da besteek nitaz espero dutenari erantzutea. Ikertzen jarraitu eta pintatzen segitzea baizik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!