Anai-arrebak trontza txapelketara

Asier Imaz 2016ko ira. 22a, 11:45

Euskal Herriko Trontza Txapelketa Mistoan eskualdeko bi bikote egongo dira; hilaren 24an, larunbatean, Larrabetzun lehen kanporaketa jokatuko dute, 19:00etan hasita.

Txapelketak aurrera atera ezinik dabiltzan garai hauetan, herri kirol mundutik albiste pozgarria iritsi da. Lehen aldiz, Euskal Herriko Trontza Txapelketa Mistoa jokatuko da. Deialdiak arrakasta izan du, gainera. Bederatzi bikotek eman baitute izena. Horietatik bi, Tolosaldekoak izango dira. Lehenik kanporaketa jokatuko da, eta sei onenek finalerako txartela lortuko dute. Finala urriaren 12an jokatuko da Basaurin, Urrezko Aizkolarien finalarekin batera.


Alatzne Etxaburua zizurkildarra Euskal Herriko Segalari Txapelketa jokatu ezinik geratu zen aurten, parte hartzaile faltagatik. Herri kirolak maite dituenez, ez du aukera galdu, eta Xanti Aizpurua senarrarekin trontzan ariko da larunbatean, Larrabetzun. Etxaburuaren maila agerikoa da, eta Aizpurua Igor Esnaolarekin aritzen da trontzan. Argi da, beraz, bikote handia osatu dutela zizurkildarrek. Jokin Garmendiarentzat ere bikote sendoa osatuko dute, eta finalean ikusten ditu jada. Baliarraindarrak Miren Garmendia arrebarekin osatu du bikotea. Larrabetzura erreferentziarik gabe joango direla diote: «Helburua finalerako sailkatzea izango da. Seigarren postua ere oso ona izango litzateke guretzat. Baina ez daukagu ideiarik; besteak zein denboratan dabiltzan edo nolako bikoteak diren».


Kanporaketa larunbat honetan izango da, 19:00etan, Bizkaian. Bikote bakoitzak 45 kanaerdiko enborrari 10 korte eman beharko dizkio. Finalean, 15 izango dira. Egurrak aizkoran bezala, zeresana ematen dute trontzan. Adar begiak edo baldintza desberdinak tarteko.


Duela hilabete t'erdi hasi ziren entrenamenduekin garmendiatarrak. Anaiak izan zuen txapelketaren berri, bera, lesioarekin dabilen Ikaztegietako Unai Iraolarekin trontzan ibiltzen baita. Jokin Garmendiari burura bere arreba etorri zitzaion segidan. «Esan orduko baietz esan nion. Pentsatzen gelditu izan banintz, batek daki zer esango nion», gogoratzen du Miren Garmendiak. «Hasieran lasai hasi ginen, astean entrenamendu bat egiten. Azken aldian gogorrago gabiltza, eta eguna gerturatu ahala, urduritasuna ere handitzen doala nabaritzen dut». Josune Gorostidirekin ezagutu zuen trontza mundua Miren Garmendiak. Bikotea osatzen zuten duela urte batzuk. Ondoren, geldirik egon da baliarraindarra, anaiak txapelketaren berri eman zion arte. Trontza pixka bat aldatu dela dio Garmendiak: «Garai hartan beste erreminta mota batekin ibiltzen ginen trontzan. Oraingoak pisu gehiago eta hortz luzeagoak dauzka». Zerra bakoitzak 1.500 eurotik gora balio du. Eta Jokin Garmendiak dioen bezala, bakarrarekin ez duzu ezer egiten. «Gazteek trontzan hasi nahi baldin badute, oso zaila daukate, gastu horietan sartzea ez baitago edonoren esku».


Baliarrainen bizi dira garmendiatarrak, eta bertan egiten dituzte entrenamenduak. Unai Iraola eurekin egoten da, erakusle moduan. Erloju-zaina ere badute, eta nola ez, baita jarraitzaileren bat ere. Guztiak, larunbatean, Larrabetzura joango dira finalean Bizkaira itzultzeko asmoz. Ea eurekin zizurkildarrek ere Basaurira joateko aitzakia duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!