Andoni Goikoetxea preso gazteluarra borrokan dago maiatzaren 9tik

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 24a, 11:18
Irudian, Gazteluko jaietan Andoni Goikoetxeari elkartasuna adierazteko atera zuten argazkia.

Fleury-Merogiseko gainerako sei euskal presoekin batera dago borrokan, espetxe berean dauden presoak sakabanatuta daudela salatzeko eta "guztiak dibisio batean elkartzea" eskatzeko; Gazteluko Udalak dispertsio egoera "amaitzeko eskaera" egin du.

Egun Fleury-Merogisen dauden zazpi euskal preso politikoak bi dibisiotan daude banatuta, eta guztiak dibisio batean elkar ditzatela eskatzeko espetxeko zuzendaritzari astelehenero eta asteazkenero gutun bidalketa egiten diote. Egoera salatzeko Gazteluko Udalak mozio bat irakurri eta onartu zuen maiatzaren 23an, astelehenean, egindako ez-ohiko batzar batean.

Mozioan era berean, Fresneseko espetxean Itziar Morenoren bakartze egoera salatzeko bertan dauden euskal presoek abiatutako gose grebarekin "bat egiten" dutela eta "oinarrizko eskubideen urraketa egunerokoa" dela salatu zuten.

Gainera, gogorarazi zuten maiatzaren 14an, sakabanaketak "beste istripu larri bat" eragin zuela.

Horregatik guztiagatik, udalak dispertsio egoera "amaitzeko" eskatu du, "bake eszenatoki bati trabak jartzen dizkiola eta sufrimendua areagotzen duelako bai presoengan bai senideengan". Eta "elkartasun guztia" adierazi die borrokan eta gose greban dauden euskal preso guztiei, eta bereziki Andoni Goikoetxea gazteluarrari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!