«Kanta propioak prestatu nahi ditugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 21a, 10:00

Talde gaztea da Ibarran sortu den azkena; Azku Egunean eman zuten lehen kontzertua. 

Tolosaldeko musika eskaintzak beste talde bat du aukeran; Errukirik Gabe. Orain urte bete edo sortu zuten taldea, Ibarran, eta partaideak oso gazteak dira, 13 urte dituzte. Bost dira partaideak, Maria Gurrutxaga, Manex Rubiños, Jon Urrestarazu, Ekain Telleria eta Eneritz Jauregi. Orain gutxi kontzertua eskaini zuten Azku Egunean, lagunez inguratuta. Bertsioak prestatzen dabiltza orain, eta honetan jarraitzeko asmoa dute.

Azku Egunean jo zenuten, nolakoa izan zen lehen kontzertua?
Eneritz Jauregi: Oso gustura jo genuen. Oztopo taldearen aurretik jo genuen eta egia esan, gehiago jotzeko gogoarekin geratu ginen.

Bertsioak jotzen dituzue, zenbat kantu dituzue prestatuta?
E. J.: Azkuen 6 kantu jo genituen, baina abesti gehiago ditugu prest. Pasa den abenduan hasi ginen biltzen eta astean behin entseatzen dugu.

Nolatan erabaki zenuten talde bat sortzea?
E. J.: Ekain (Telleria) eta Jon (Urrestarazu) hasi ziren biltzen eta taldekideak behar zituztela eta Maria (Gurrutxaga) eta niri deitu ziguten, eta ondoren, Manex (Rubiños) elkartu zitzaigun.
Ekain Telleria: Azku Egunean zerbait jotzeko deia jaso genuen eta entseatzen hasi ginen kontzertua prestatzeko. Hasieran oso urduri geunden eta jendea gerturatu behar izan zen gu lasaitzera, baina azkenean ondo joan zen eta oso ondo pasatu genuen.

Entseatzen jarraitzeko asmoa duzue beraz.
E. J.: Entseatzen jarraituko dugu. Jada jaso dugu beste kontzertu bat eskaintzeko gonbita, baina kantak gehiago prestatu nahi ditugu jo aurretik.

Zein kanta prestatzen ari zarete orain?
E. J.: AC/DC eta Su ta Garren kanta bana prestatuko ditugu, rock gehiago jo nahi dugu. AC/DC asko entzuten dugu eta baita hemengo taldeak ere; Gatibu, Kortatu, Hesian, Vendetta...

Abesti propiorik aterako duzue?
E. T.: Badugu bat, baina letrarik gabe. Lan gehiago egin behar dugu.

Zergatik aukeratu zenuten Errukirik Gabe izena?
E. T.: Ez geneukan izenik, baina Azku Eguneko kontzertua zela eta bat aukeratu behar genuen eta Errukirik Gabe gustatu zitzaigun. Doinu polita dauka eta denoi gustatu zitzaigun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!