Irurako jaiak 2016

Giro beroa, festetako egun handian

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 29a, 15:03

San Migel Eguna primerako eguraldiarekin ospatzen ari dira irurarrak eta eguerdian jendetza gerturatu da plazan udalak eskaini zuen hamaiketakora. Arratsaldean haur ikuskizuna eta bertsolariak izango dira herriko plazan.

Suziriak, Kalabera musikalak, Irurako sorginak, Zurrunbiloak, Iratxoak... denak zebiltzan nahasian gaur Irurako jaien egun handian. Aurreko larunbata izan zuten haurren eguna aurtengo Sanmiel jaien barruan, baina festa egun guztiak baliatzen dituzte gaztetxoek, kuadrillako kamiseta soinean jantzi eta kalera ateratzeko.

Oro har konforme dira antolatu dituzten festekin: «iaz buruhandiak bi egunetan atera ziren eta aurten hirutan». Gazte hauei nabari zaie buruhandi bezala ateratzeko nahia baina helduxeagoak izan arte egon beharko dute zain pertsonaien barruan sartzeko. Bien bitartean, haien aurretik korrika ibiltzearekin konformatu beharko dute. Bihar, ostirala, 18:30ean, erraldoiekin batera aterako dira buruhandiak eta Etxezaharretarantz joko dute, han, Share elkartean txistor jatean parte hartzeko.

Mutilak plazan eta neskak dantzan. Gaur San Migel eguneko meza bukatuta, Irurako dantza taldeko gazteek emanaldia eskaini dute plazan. Mutil bakarrak hartu du parte eta hura arduratu da ikurrina haizatzeaz udal ordezkarien aurrean.

Ana Leunda alkateak pozik hitz egin du emanaldia bukatuta: «gaur egun handia dugu eta guretzako oso garrantzitsua da. Herri guztiak parte hartzen du eta festak antolatzen laguntzen du. Eskerrak eman behar dizkiet guztiei, bestela horrelako herri txiki batean ezinezkoa izango litzatekeelako jaiak antolatzea». Alkateak ez du argitu nahi izan, bihar gauean, 22:30ean antolatu den play-back lehiaketan parte hartuko ote duen edo ez. Hori jakiteko, gerturatzeko gonbita luzatu die herritarrei.

Hamaiketako jendetsua

Jai herrikoiak dira Irurakoak eta hamaiketako herrikoia eskaini nahi izan die udalak bertaratutako irurarrei: salda, haragi egosia, txistorra eta sagardoa, besteak beste.

«Ahal dela eta nahiz eta kanpoan lan egin, jai eskatu eta gustatzen zait gaurko egunez Irurara gerturatzea. Hamaiketakoa egin eta gero etxekoekin bazkaltzen dut. Egun polita da gaurkoa». Horrela aitortu du herritar batek plazan mahaiak eta aulkiak jartzen ari zela. Izan ere, aurreikuspenak motz geratu dira gaur eta udal langileek prestatutako mahaiak ez dira nahikoa izan. Gehiago jarri behar izan dituzte plazan eta horretan lagunduko dute herritarrek.

Oraindik ere festak jarraituko du Iruran. Larunbat gauean, 22:45ean, erreko dute herensugea eta hurrengo urtera arte agurtuko dituzte Sanmielak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!