Autodefentsa feminista ikasteko aukera, Leaburun

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 21a, 10:00

Ibarra eta Leaburu-Txaraman hainbat ikastaro antolatu dituzte hasi berri den ikasturte honetan zehar egiteko. Izen emateak zabalik daude bi herrietan

Hasi da ikasturtea eta datozen hilabeteetarako zereginak antolatzeko garaia da. Ibarran eta Leaburu-Txaraman hamaika aukera eskaintzen dituzte udalek. Egur taila, dantza, marrazketa... bezalako ohiko ikastaroei gainera, ezohiko bat erantsi behar zaie: autodefentsa feminista.

Indarkeria matxista «eguneroko ogi» bihurtu dela diote Leaburu-Txaramako Udaleko arduradunek eta horregatik antolatu dute ikastaroa. «Gure kaleetan, etxeetan, herrietako jaietan... edozein lekutan gertatu izan da. Hala ere, oraindik salatzen ez diren indarkeria matxista kasuak ere ziur badaudela», esan dute. Egoera honi aurre egiteko udalak «gure esku dagoena egiten» hasiko dela esan du eta autodefentsa feminista ikastaroa abiarazi du, «gure herriko emakumeon defentsan», gaineratu du.

Ikastaroa 12 urtetik gorako emakumeentzat da; nerabe eta langabetuek ez dute ordaindu beharko; eta besteek izena ematen dutenen kopuruaren arabera ordainduko dute, hiru saio egongo dira eta bakoitzeko gehienez 8 eta 10 euro artean ordaindu beharko dute; gutxienez 8 orduko ikastaroa izango da teoria zein praktika landuz; eta eguna zehaztuko dute aurrerago. «Ez dadila emakume bat bera ere ikastaro hau egoera ekonomikoak baldintzatuta egin gabe geratu, jarri udalarekin harremanetan konpontzeko», nabarmendu dute. Izena emateko azken eguna irailaren 19a izango da.

Leaburu-Txaraman ingelesa ikasteko eta pilates egiteko aukera ere egongo da. Iazko moduan ingeles eskolak 4 urtetik gorako haurrentzat eta helduentzat izango dira. Izena irailaren 21a baino lehen eman behar da. Pilates ikastaroa urriaren 3an hasiko da eta izena irailaren 20a baino lehen eman behar da. Hiru ikastaroetan izena emateko 943 67 59 31 zenbakira deitu behar da.

Ibarran ere ikastaroak antolatu dituzte, urteroko moduan, eta aurtengoan salsa, runba, merenge eta kubatar dantzen ikastaroa errepikatzea erabaki dute, ohiko ikastaroekin batera.
Izena irailaren 27a baino lehen eman behar da kultur etxera bertara joanda edota 943 67 03 99 telefono zenbakira deituta.
Gazte txartela dutenek %10 gutxiago ordaindu beharko dute eta familia ugaridun txartela aurkezten dutenek ikastaroak %50 merkeago egin ahalko dituzte.

 

Ikastaroak

Leaburu-Txarama

  • Autodefentsa feminista. Eguna zehazteke, saio bakoitzean gutxienez 3 ordu jarraian ematea gomendatzen dute eta geroz eta jende gehiagok izena eman orduan eta merkeagoa izango da. Saio bakoitzeko -hiru saio egongo dira- 8 eta 10 euro ordaindu beharko dira gehienez, baina udalak esan duenez, nerabe zein langabeek ez dute ordaindu beharko. Era berean, ordaindu ezin dezaketenei ere laguntzeko prest daude.
  • Ingelesa. 4 urtetik gorako umeei eta helduei zuzendua.
  • Pilates. Helduentzako. Astelehen eta asteazkenetan 20:15etik 21:15era. Hileko 22 euro.


Ibarra

  • Salsa, runba, merenge eta kubatar dantzak. Astearte eta ostegunetan, 20:00-22:00. 171,52 euro.
  • Egur taila. Astearte eta ostegunetan, 19:00-21:00. 171,52 euro.
  • Ehoziriak. Astearteetan, 15:30-17:30 eta 17:30-19:30. 85,76 euro.
  • Altzariak zaharberritzea eta konpontzea. Astelehen eta asteazkenetan, 19:00-21:00. 171,52 euro.
  • Pintura. Astearteetan 15:30-18:30 eta ostegunetan 15:30-16:30. 171,52 euro.
  • Eskulanak. Astelehen eta asteazkenetan, 17:30-19:30. 171,52 euro.
  • Oharra: Ikastaro guztiak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!