Kultur hamabostaldia ospatzen dute urtero udazkenean Orexan eta aurtengoari bihar bertan emango diote hasiera, antzerki forumarekin.
Josune Malkorra, Orexako kultur batzordeko kidea da, eta berak azaldutakoaren arabera 1988an hasi ziren kultur hamabostaldia antolatzen. Orixe jaio zela 100 urte betetzen zirela eta hasi ziren festa antolatzen, eta pixkanaka «kultur astetik kultur hamabostaldira» igaro dira.
Badira urtero errepikatzen dituzten ekimenak. Esaterako, Uitzi-Orexa ibilaldia, izan ere, «Orixe Orexan jaio zen arren, hirukia zenez, Uitziko familia batean hazi zen». Bestalde, kantaldiren bat edo antzerkiren bat ere sartzen saiatzen dira. Baina, betiere berrikuntzak txertatuz.
Horrez gain, adin ezberdinei egokitutako egitaraua osatzen saiatzen dira: «Zorionez gaur egun Orexan ume dezente daude, eta esaterako umeentzat egun bat edo ekitaldi batzuk kokatzen saiatzen gara». Ahalik eta adin tarte zabalenera heltzen saiatzen dira.
Horrelako egitarau bat osatzeak badu bere lana, eta antolakuntza lan horretan Malkorraren esanetan zailena «ideia originalak» izatea da. Baina, antolatzeak eta lanak ez diete «beldurrik» ematen. Gainera, herritar guztiek parte hartzeko eta lanak banatzeko zerrenda bat osatzen dute, lanak banatuz.
Egitarau potoloa
Aipatu bezala, bihar ekingo diote kultur asteari. Baketik-ek gidatu eta May Gorostiaga eta Elena Aranbarri aktoreak parte hartzen duten antzerki foruma izango da. Ostiralean, berriz, iaz garagardo dastaketari jarraipena emanez aurten ardorena egingo dute: «Denok ardoaz hitz egiten dugu, baina ulertu gutxi eta horri begiratuta antolatu dugu».
Larunbata «umeentzat gorde» dute. Mitologiari buruzko antzerkia, txokolate jatea eta puzgarriak izango dituzte. Gauean, berriz, «publiko guztiei» zuzendutako Uluka talde bizkaitarraren kantaldia izango da.
Igandeko Uitzi eta Orexa arteko ibilaldia egiteko 09:00etan abiatuko da autobusa Orexatik, gero «lau ordu inguruko» ibilaldia egiteko. Indarrak berreskuratzeko bazkarian babarrunak jango dituzte urtero bezala.
Atseden tarte baten ondoren, azaroaren 5ean eta 6an, hitzaldi bana izango dira. Larunbat goizean, berriz, sendabelarren ikastara izango da: «Bizi garen inguruan senda belar asko dauzkagu eta ez dugu transmisiorik jaso horren inguruan». Jakintza hori «berreskuratu» asmoz antolatu dute tailerra. Amaiera, urtero bezala, afariarekin eta parrandarekin emango diote kultur hamabostaldiari.
Honenbestez, Malkorrak eskualdeko herritar guztiak Orexara gerturatzea ere «gonbidatu» ditu.
Kultur Hamabostaldia
BIHAR, URRIAK 28
21:00. Eta hik zer? antzerki-foruma
URRIAK 30, OSTIRALA
20:00. Ardo kata, Gillermo Castañosek gidatua.
URRIAK 31, LARUNBATA
16:30. Umeentzat antzerkia Txantxalgara taldearen eskutik: Mitologiarekin ahaztu al gara?
Ondoren. Txokolate jatea eta puzgarriak.
22:30. Kantaldia, Uluka taldea.
AZAROAK 1, IGANDEA
09:00. Uitzi-Orexa ibilaldia. Ondoren, bazkaria Gorka eta Leire trikitilariak alaiturik.
AZAROAK 5, OSTEGUNA
21:00. Reiki Bizitzaren bidea hitzaldia. Jon Urdangarinen eskutik.
AZAROAK 6, OSTIRALA
21:00. Euskararen kalitatea hitzaldia, Andoni Egañaren eskutik.
AZAROAK 7, LARUNBATA
10:00. Sendabelarren tailerra, Amaia Bastarrikaren eskutik.
21:00. Herri afaria. Gauean, Laket talda eta ondoren Dj Bull goizalderarte.