Azoka bereziak hamargarren urtea beteko du

Imanol Garcia Landa 2016ko ira. 22a, 11:45
Juan Ignacio Rekondo, bere baratzean.

Igande goizean egingo da Alegiako plazan; herri giroa sortzen duela diote postua jartzen dutenek eta antolatzaileek.

Aurten hamargarren urtea beteko du Alegiako Azoka Bereziak. Udazkenean ekitaldi bat antolatu nahian zebiltzala bururatu zitzaien kultura batzordekoei azoka antolatzea, Nati Murua Kultura zinegotziak azaldu duenez: «Alegian baserriak egonik, modu bat zela baserritarrei laguntzeko pentsatu zen. Hasieran urrian hasi ginen antolatzen, baina garai horretan barazki gutxi zituztela baserritarrek, eta irailera aurreratzea erabaki zen. Irailean saltzaileak ere gusturago daude, eta jendeak erantzuten du».

Plazan egingo da azoka, 11:00etatik 14:00etara, igande honetan. Eguraldi txarra bada, frontoian egingo da. 20-25 postu izaten dira, eta 6-7 inguru izango dira herriko baserritarrenak. Hainbat produktu aurkitu ahalko dira: barazkiak, bitxiak, xaboiak, mondejuak, pateak, ogia, gaztak, sagardoa, eskulanak, piper erreak... DBH4 mailakoek postua jartzen dute, ikasturte amaierako bidaiarako dirua ateratzeko, eta Sutarri dantza taldekoek ere postua jartzen dute, taloekin. Saltzaile guztiei eskatzen zaie produkturen bat jartzeko, eta horiekin osatutako saskiaren zozketa egiten da.

«Giroa oso ona izaten da», esan du Muruak, eta postua jartzen duen Etxarraga Berri baserriko Juan Ignacio Rekondok baieztatzen du: «Giro ona izaten da eta jende asko ibiltzen da. Jendeak erosi ere egiten du, ikusita bertako produktuak izaten direla». Batzuk harritu egiten zaizkio Rekondori, ez dakitelako baserria duela. Barazkiak eta fruta pixka bat izaten du postuan. Laugarren urtea izango du aurten postua jartzen dutela. Herri mailan denez, parte hartzen du azoka berezian, baina bestela ez du posturik izaten Rekondok, etxerako baitu baratzea. «Salmentak ondo joaten dira. Aurreko urtean azokara eraman nuenetik, bueltan bakarrik kalabazak eta intxaurrak eraman nituen», esan du. «Hasieran ez nengoen ohituta postuaren atzean egoten, baina urtero joaten zara ohitzen, eta gauza berriak pentsatzen. Aurten ilusioa egiten digu pipak eramateak, eguzki-lore eta guzti».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!