Olioz eta akrilikoz, eta zenbait arkatzez, egindako margolanak ikusgai daude Alegiako Erretirodunen tabernan. Izatez bizkaitarra eta Alegian bizi den Juan Jesus Zarrabeitiak eginak dira. Ez da lehenengo aldia bere lanak erakusten dituela publikoan. Zizurkilen aritzen da pintura ikasten, eta aurki ekingo diola ikasturte berri bati azaldu du.
Gehiena paisaiak margotzen dituela esan du Zarrabeitiak, eta jendea dantzan margotzea ere atsegin duela. Akrilikoan margotzea berarentzako gauza berria dela dio, eta asko gustatzen zaio. «Olioan margotzea da gehien gustatzen zaidana, baina akrilikoan ere gustura aritzen naiz», esan du. «Akrilikoan urarekin nahasten da pintura eta batzuk esaten dute zailagoa dela, baina niri errazagoa egiten zait».
Orain hamabost urte inguru hasi zela margotzen, eta zaletasun horrek «lasaitasuna» ematen diola dio Zarrabeitiak: «Urduria naiz, eta margotzeak lasaitu egiten nau».