Gaztelekuak ikasturte berria hasiko du

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 6a, 10:28
Aurreko Eguberrietan Alegiako Gaztelekuan egindako tailerretako bat.

Frankonin elkartu beharrean kultur etxean elkartuko dira aurten gazteak.

Alegiako Udalak abian du haur eta nerabeen parte hartzea sustatzeko zerbitzua ikasturte berrian martxan jartzeko prozesua. Gurasoen eta gazteen eskakizunei erantzunez, Alegiako Udalak martxan jarri zuen zerbitzua. Orain arte Frankoni etxean elkartzen ziren gaztetxoak, baina aurten kokagunea aldatu egingo da eta Inaxio Begiristain Kultur eta Kirol Etxeko eskuin aldeko aretoan elkartuko dira zerbitzu honetan parte hartzen duten 6 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteak.

Miriam Amubieta Gaztelekuko hezitzaileak azaldu duenez, «zerbitzu honen helburua haur eta nerabeen topagunea izatea da, beraien ekimenez sorturiko ekintzak garatzeko hezitzaile baten laguntza eskainiz». Gaztelekuaren filosofia «haur eta nerabeen iritziak jasotzea da, bere aisialdian zer egin nahi duten erabakitzeko. Guk erreminta batzuk jartzen dizkiegu eta beraiekin landu nahi duguna da beraiek erabakiak eta ardurak hartzeko gai izatea». Amubietak gaineratu duenez, «nire egitekoa hezitzaile eta begirale lanak egitea da, hau da, prozesu horretan bide lagun izatea, eta askotan zirikatzea gauzak pentsatzeko eta erabakitzen dutena aurrera eramateko.

Gaur eta larunbatean izango dira 2016-2017 ikasturteko lehen saioak. Gaur 6-8 adin tartekoak eta DBH 1 mailakoak izango dira Gaztelekuan. 16:00etatik 17:00etara 6-8 adin tarteko haurrentzat eta gurasoentzat egongo da zabalik. 17:00etatik 18:00etara adin tarte bereko haurren eta gurasoen bigarren taldearentzat. Azkenik, 18:00etatik 19:00etara DBH 1 mailako nerabeei egingo zaie ongietorria.

Larunbatean aldiz, 16:30ean hasi eta 18:00ak bitartean 9-11 adin tartekoek merienda eta karaokea izango dute lehen eguneko festa modura. 19:00etatik 21:00etara, berriz, 12-17 adin tartekoek afari-merienda batekin izango dute ongietorria.

Ikasturtean zehar ondorengo ordutegiak zehaztu dira. Ostegunetan, 6-8 urtekoek bi talde izango dituzte. 16:00etatik 17:00etara lehen taldea, eta 17:00etatik 18:00etara bigarren taldea. Jarraian 12-17 urte artekoentzat 18:00etatik 19:30era irekita egongo da. Ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik 12-17 urtekoentzat. Larunbatetan 15:30etik 17:00etara, 9-11 urte bitartekoentzat, eta 17:00etatik 20:00etara 12-17 urtekoentzat. Ikusten denez, Gaztelekua zerbitzua batez ere nerabeei zuzendutakoa da, baina erabaki zen haurrentzako ere zerbitzua ireki behar zela, beharra bazegoelako Alegian.

Zerbitzua «oso positiboki» baloratzen dela dio Amubietak, «bai erabiltzaileek eta baita gurasoek ere. Azken batean zerbitzu berri bat da lehen zegoen hutsune bat betetzeko. Alegia bezalako herri batean ez zegoen nerabeei zuzendutako ezer. Nerabeak egoteko toki berezirik ez zegoen, eta alde horretatik eskertzen dute zerbitzua martxan jarri izana».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!