Lan asko eta etekin gutxi, hori izaten da baserritarren drama, bat al zatoz?
Gustuko lana da, baina egia da ito egiten gaituztela. Etekin ekonomikoa ez da asko, bizitzeko adinakoa. Diru pixka bat egin ahal izateko behi buru asko bildu behar dira. Gure gurasoak orain urte batzuk buru gutxi batzuekin diru pixka bat ateratzen zuten hemen inguruan esnea salduz, baina gaur egun ezin da pasteurizatu gabeko esnea etxez etxe saldu, merkatuak jarri zuen arau hori, dena berak kontrolatzeko, eta horrek esnea enpresa handiei saldu beharra ekartzen du, eta prezioa beraiek jartzen dute. Horregatik buru gehiago eduki behar dira egun, bestela ez dago ezer egiterik. Honek inbertsioak eskatzen ditu gainera, traktoreak edo dena delakoak, dena ezin da garai batean bezala egin, eta gastu horiei buelta eman behar zaie.
Aldatu da beraz, ingurua.
Inguru honetan baserri dezente daude eta alde horretatik ez da gehiegi aldatu, baina orokorrean dena aldatu da, gizartearen joera orokorra da hori.
Paisaian eragina izan al du horrek?
Inguru honetan batez ere, irisgarritasun gutxiko lekuetan eman da aldaketa. Makinak-eta sartzeko aukera ez dagoen tokietan, eskuz garbitu behar denetan, sasi gehiago dago orain. Gure jardunak badu horretan eragina, inguruak garbi mantentzen laguntzen dugu eta baserritarrak desagertuz badoaz, hori ere aldatuko da.
Zein eskaera egingo zenieke erakundeei?
Gaur egun dena paperekin justifikatu beharra dago, paper pila bat bete behar dira, eta guk ez daukagu egun erdi bat ordenagailuan eseri eta horretan hasteko. Burokraziak leku gehiegi hartu du eta gehiegizkoa da. Hori arintzea nahiko nuke. Bestelakoan garrantzitsua da ere diru laguntzak ematea, eta inguruan lana egiteko aukera emateko lanak egitea; sailetara ura eraman, pistak egin... Industriagune batetara kamioi eta trailerrak sartzeko bideak egiten dituzte, bada gurean ere behar ditugu azpiegiturak.
Zuen lana baloratua dela sentitzen al duzu?
Garrantzitsua da gure lana zein den gizarteratzea, askotan ez dute baloratzen jakin ez dakitelako zer egiten dugun ere. Gure lana gogorra baino lotua dela esango nuke. Baloratua? Egindako lanaren truke ordainsari egokia edukita jasoko genuke balorazioa, baina bitartekariek jaten dute guztia.