Gamesak eta Siemensek bat egin dute

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 26a, 11:06

Gamesaren egoitza nagusia Zamudioko teknologia parkean eta Sarrigurenen daude. Bost fabrika ditu Euskal Herrian eta haize erroten biderkatzaileak egiten dituzte, adibidez, Asteasuko Echesa lantegian.

Oraingo Gamesaren eta Siemensen aktibo eolikoak batu ondoren sortuko den konpainia munduko liderra izango da sektore eolikoan, %14ko merkatu kuotarekin.

Gamesak Indian, Latinoamerikan eta Txinan duen indarrari batuko zaio Siemensek Europan eta offshore teknologian duen nagusitasuna. Oraingo 7.200 langileei –horietako 200 inguru Asteasun aritzen dira–, 15.000 batuko zaizkio konpainia berrian.

Echesako langileen kezka

Alemaniako multinazional erraldoi baten menpeko izatera igaroko da Gamesa. Egoera horrekin kezka agertu dute Echesako langileek, "erabakigunea urruntzeak beti arriskua dakarrela" esan dute. "Esaten digute ez dugula beldurrik eduki behar, ona izango dela guretzat, lan gehiago izango dugula, beste merkatuetara zabaldu eta itsasoko merkatua gertuago izango dugula. Baina beldur gara, ez ote den Arcelorren bezala gertatuko. Atzerriko jabeak tarteko direnean, batek daki".

Hain zuzen, lan hitzarmena negoziatzen ari dira Echesako langileak enpresa ordezkariekin. Aurre akordioa lortu dute eta aurreko asteetan egin dituzten lanuzteak bertan behera utzi dituzte, momentuz. Datorren asterako hitzarmen berria sinatzea espero dute langileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!