«Ni hemen bezain ondo ez naiz inon bizi izan, dudarik ez izan»

Maier Ugartemendia 2016ko uzt. 1a, 18:55


Martzelino Lopetegi (Belauntza, 1944) mundu osoan ibili da zesta-puntan jokatzen. Hemeretzi urte zituela irten zen Belauntzatik, eta, hogeita hamar urtez profesionaletan ibili ondoren, herrira itzuli zen.

 

Nola deskribatuko zenuke Belauntza?

Oso ondo eta pozik bizi gara. Ni hementxe jaio nintzen, behar dudana gertu daukat eta ez dut besterik behar.

Asko aldatu al da herri txikia zinenetik?

Bai, bai, asko aldatu da. Garai batean baserriak zeuden, eta familia handiak ziren. Gazte jendea joan egin da, eta baserriak hutsik geratzen ari dira. Orduan, bizimodua herrian egiten zen. Eskola hementxe genuen, eta orain umeek eskolara herritik kanpo joan behar izaten dute. Herri txikientzako etorkizun beltza dago.

Puntista izanda, mundu osoan bidaiatuta, herrira itzultzea erabaki zenuen.

Ni hemen bezain ondo ez naiz inon bizi izan, dudarik ez izan. Toki polit asko ezagutu ditut, baina duela 21 urte itzuli egin nintzen, eta kontentu nago. Ondo bizi gara.

Ez zenuke, hortaz, herri handiagoren batera itzuli nahi?

Ez, kontrakoa. Nik herri txikia nahiago dut. Milanen, Bartzelonan, Zaragozan eta Floridan bizi izan naiz, eta ez dut jendetza handirik nahi. Kontinente guztietan ibilitakoa naiz, eta hemen daukagun lasaitasuna inon ez dago.

Zesta-puntaren urrezko aroa ezagutu zenuen.

Bai, garai horretakoa naiz. Tolosan eskola egonda dezente atera ginen inguru honetatik, baina gehienak Markina, Durango, Gernika ingurutik ateratzen ginen. Iloba bat ere izan dut zesta-puntan jokatu duena; lehengo urtean erretiratu zen.

Nolatan hasi zinen zesta-puntan jokatzen?

Tolosan eskola zegoen. Debutatzera Zaragozara joan nintzen, soldaduska ere han egin nuen, eta bukatu eta segituan Italiara. Hiru urte han egin nituen, eta gero Ameriketara.

Zer da Belauntzatik gehien gustatzen zaizuna?

Momentu honetan, bakea. Bizimodua.

Txoko kuttuna?

Mendia asko gustatzen zait. Goiko iturritik gora arratsaldero joaten naiz buelta bat ematera. Hondartza baino nahiago dut mendia.

Zein da Belauntza bisitatzeko garairik onena?

Udaberritik hasi eta udazkenera bitarte, edozein garai da polita niretzat. Negua, berriz, tristea da. Gainera, ondo komunikatuta gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!