Belauntzako produktuak ezagutzera emateko azoka, igandean

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 27a, 10:00

20 postu inguru jarriko dituzte 10:00etatik aurrera; herri bazkaria ere egingo dute Ostatuan

Zortzigarren aldiz egingo dute aurten, Belauntzako azoka. Helburua bikoitza dela esan du Mariano Lazkano alkateak: «Batetik, herriko ekoizleen produktuak ezagutzera eman nahi ditugu eta bestetik, herrian giroa sortu nahi dugu eta inguruko herrietakoak gerturatzera gonbidatu nahi ditugu». Guztira 20 bat postu bilduko dira azokan, herrikoak zein kanpotik etorriko direnak. «Barazkiak, postreak eta horrelako produktuak erosi ahal izango dira, eta animaliak ere izango dira», esan du Lazkanok. «Herrian bertan badira sagar tartak eta marmeladak egiten dituztenak ere, eta horiek ere izango dira azokan», gaineratu du.
Azoka «haziz» joan dela esan du alkateak eta urtetik urtera jende gehiago animatzen dela. «Oso egun polita izaten da eta esperientzia oso ona. Oso gustura gaude eta asmoa, urtero errepikatzea da», dio.

Goiz pasa
Igandean izango den azoka 10:00etan hasiko da eta 14:30ak arte egongo dira postuak. Musika ere egongo da azoka girotzeko, trikitilariak izango baitira kalean gora eta behera.
Azoka eta gero, jai egunari amaiera egokia emateko, herri bazkaria egingo dute Ostatuan. Txartelak salgai daude jada 25 euroren truke Ostatuan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!