Lurperatutakoa azaleraziz

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 13a, 08:00

Ondare historikoa berreskuratzeko lanetan jarraitzen dute Elduainen. Udalaren eta Burdina taldekoen elkarlanari esker Errotazar berreskuratzeko azken lanak egingo dituzte aurki.

Adituek XVI. mendean kokatzen dute Gipuzkoako urrezko aroa. Aberastasuna zabaldu zen nolabait, eta gizartea egonkortu zela diote. Hori eraikuntzetan islatzen dela ere badiote; garai horietakoak dira baserri asko, kutsu erlijiosoko eraikinak, jauregiak... Baina jauntxo eta elizgizonen beharretarako eraikitakoez gain, garai horretan koka ditzakegu herritarren beharrak asetzeko eraikitako hainbat altxor ere. Errotak dira horietako batzuk eta Ibarratik hasi eta erreka bazterra jarraituta horietako asko daude Berastegi bidean.

Gizartea modernizatu zenean, erroten erabilera galdu egin zen eta beraz, eraikinak berak ere ahanzturan erori dira. Bakar batzuk gorde dira, baina gehienak erabat desagertu edota landaretza azpian geratu dira. Hala ere, badira horiek berreskuratzeko lanean ari direnak ere, Burdina taldekoak esaterako; auzolanean egindako lanari esker XVI. mendekoa den Elduaingo Errotazar azaleratzen dihardute azken hilabeteetan.


Iaz hasi zituzten berreskuratze lanak. Lehen egitekoa Errotazarren hondarrak landaretzatik ateratzea izan zen eta ondoren, errotak zuen lurra atera zuten; «arkupeak lurperatuta zeuden, ur tangan zegoen lurra ere kendu genuen...», esan du Burdina taldeko Xabier Arrutik. Era berean, errotaren paretak berreraiki zituzten, izan ere, errota erabiltzeari utzi ziotenean bizilagunek aurrealdeko eta ur tangaren harlanduzko harriak hartu zituzten euren etxe edo dena delakoak egiteko. Burdina taldeko boluntarioek falta diren zati horiek adreiluekin osatu dituzte, «jendeak paretak nolakoak ziren eta zati berri zein zaharren arteko desberdintasuna ikusi ahal izateko».

Lanen bigarren fase honetan eskuineko errotapeko arkua berregin dute eta bertan txanponak, bala bat, olio argiontzi bat eta hainbat pisu topatu dituzte. Datorren urtean, maiatza eta ekaina artean, berreskuratze lanen hirugarren fasearekin hasiko dira. «Errota guztia egonkortuko dugu, gure asmoa eraikuntza bera zer izan zen erakustea baita», esan du Arrutik.

INFORMAZIO GEHIEGIRIK EZ

Herritarrek ez dakite ezer asko Errotazarren inguruan.

XVI. mendean kokatzen dute dituen ezaugarriei erreparatuta, baina Elduaingo udaletxea XIX. mendean erre zen eta dokumentu asko galdu zirenez, ez dute informazio gehiagorik. Badirudi bailaran garrantzi handikoa izan zela kokapenari erreparatuta batetik, eta bi errotape dituelako eta ez bakarra, bestetik. Manu Izagirre arkeologoaren hitzetan, izenari erreparatuta Errotazar inguruko errotarik zaharrena dela ondorioztatu daiteke. Itxura berezia du, gainera, inguruan Berrobira bidean dagoen beste bat bakarrik topatu dutelarik itxura honekin.

AUZOLANA

Berreskuratze lan hauek guztiak egiteko Burdina taldeak Elduaingo Udalaren laguntza izan du. Izan ere, bere jardunerako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak ezinbestekoak dira, eta are garrantzitsuagoa da herritarren babesa. Xabier Arrutik jendearen laguntza nabarmendu du eta auzolanetara joan nahi duenak beti izango duela aukera esan du. Horretarako Burdina taldekoekin jarri behar da harremanetan 699 48 76 83 telefono zenbakian edo burdinataldea@hotmail.com helbidean. 

Azken zortzi urteetan bost karobi berreskuratu dituzte Elduainen eta horietako azkenean, Saleskoan, lanean ari zirela topatu zuten Errotazar. «Bide bazterrean lurperatutako elementuak ikusi genituen eta segituan hasi ginen lanean», dio Arrutik.

Jose Angel Urkizu alkateak azaldu duenez, pixkanaka-pixkanaka ondarea berreskuratzeko lanak ari dira fruitua ematen: «Interesgarria da dugun ondare hau guztia berreskuratzea. Lehen ez zen ikusten ere, eta orain begi bistan dugu. Poliki-poliki bada ere hori indartu eta baliatu behar dugu herritarrei ondarea erakusteko».

ONDAREA

Bost karobi. Allani, Goikoetxea, Kamioetxe, Gorrane eta Sales. Salesko karobia da berreskuratutako azkena.

Errota bat. Salesko bailaran dagoen Errotazar. Aipagarriak diren bi ezaugarri ditu; bi arkupe dituela eta errota oso altua dela, lau metro inguru ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!