Hernialdeko irratsaioak eman duena, entzungai

Tolosaldeko Ataria 2015ko aza. 20a, 17:02

Hernialdeko udaletxeko arkupeetan izan da gaur goizean Ataria irratia, eta bertatik, Hamaiketako berezia egin du, herriko protagonistekin.

Igaro Balda, Hernialdeko alkatea herriko proiektuez

Hirugarren legealdia abiatu berri du Igaro Baldak. 21 urterekin sartu zen udalean eta garai hartan Gipuzkoako alkaterik gazteena izan zen. Hernialdeko Plan Orokorra onartu ondoren, etxebizitza berriak egiteko asmoz dabil udala. Herritarren iritzia bildu nahian, inkesta egin dute azken asteetan.

Hernialdeko Ostalaritza: Elketa eta Herriko Ostatua

Marijo eta Luis, Elketa jatetxeko arduradunak dira eta lau urte dira bertan lanean hasi zirela. Aitziberrek berriz, bost urte daramatza Ostatuaren kargu. Denbora honetan bildu duten esperientziaz hitz egin digute herriko ostalariek.

Alaitz Imaz, segalaria bere kirol ibilbideaz

Alaitz Imaz hernialdetarra segan ibiltzen da. Herri kiroleko afizioa betidanik izan du eta duela urte batzuk hasi zen sega munduan, Joxe Gabirondo gazteluarraren eskutik. Hainbat txapelketetan parte hartu du.

Txerri festa egingo dute azaroaren 28an Hernialden

Datorren hilaren 28an dute hitzordua Hernialdeko elkartean. Anttoni eta Maria Jesusek txerri festan parte hartzen dute. Odolkiak eta txorizoak prestatzen dituzte eta txerrikiak prestatzeko prozesuaz aritu zaizkigu hizketan Hernialdeko plazan.

Herriko artisauak: Karmele Pellejero eta Xabier Olano

 Herriko bi artisau bildu dira Ataria irratiaren mikrofonoetara. Karmele Pellejerok panpinak egiten ditu eta horrekin batera koadroak ere margotu ohi ditu. Xabier Olanok berriz, egurrean egindako artisau lanak egin izan ditu. Orain margoak egiten dihardu.

Itsaso Leunda, AEBko Okhlahomatik Ataria irratiarentzat

Kirolari gisa hainbat arrakasta izan ditu Itsaso Leunda hernialdetarrak. Orain AEBn dago, Okhlahoman irakasle. Ataria irratiak bat egin du Itsasorekin eta atzerrian bizi duen esperientziaz hitz egin digu.

Seiscientos-en bilkura eta babarrun jana igandean

 
Igandean, azaroaren 22an dute hitzordua Gipuzkoako seiscientoszaleek Hernialden. Goizean plazan hitzordua egin eta Goierri aldera joango dira autoak hartuta. Gero, babarrun jana egingo dute eguerdian Hernialdeko Ostatuan. Martin Leunda hernialdetarra seiscientoszaleen elkarteko kidea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!