600ek hartuko dute Hernialde

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 21a, 08:53

Igandean babarrun jatea egingo dute Gipuzkoako 'seiscientos'-zaleen elkarteko kideek Hernialden

Martin Leunda hernialdetarrak baditu etxean garai bateko bi bizikleta automatiko Holandatik ekarriak. 50ko hamarkadako Vespa motorra ere bai, baina bereziki zaintzen du 18 urte zituela eskuratu zuen lehen autoa: Seat 600 gorria. Elkarte batean biltzen dira Gipuzkoako seiscientos-zaleak eta urtean zehar hainbat irteera antolatzen dituzte.

Datorren igandean, 10:30ean bilduko dira Hernialdeko plazan. Handik, Larraitzen hamaiketakoa egin eta Goierrin barrena buelta bat egiteko asmoa dute euren auto txikietan. Leundak dioenez, «bueltan, Altzoko erraldoiari ere bisita bat egin nahi genioke eta gero bazkaltzera itzuliko gara Hernialdeko Ostatura». Babarrun jana antolatu dute han.

40 pertsona inguruk eman dute izena bazkarirako eta 15-17 seiscientos inguru gerturatuko dira Hernialdera. «Eguraldiak ere zer esan handia du, jende gutxiago animatzen da giro txarra badago».

Gisa honetako irteera asko antolatzen dituzte Gipuzkoako seiscientos-zaleek urtean zehar. Joan izan dira Errioxara edota Zaragozara, adibidez, baina gehienetan inguruko parajeetan egiten dituzte ibilaldiak Leundaren esanetan: «Asko jota 40 kilometro inguruko irteerak izaten dira, auto txiki hauentzat nahikoa delako. Hamaiketakoa eta bazkaritxo bat elkarrekin egiteko baliatzen dugu hitzordua».

Estatuan beste hainbat bilkura egin izan dira eta irteera luzeagoak ere antolatu dituzte. Seiscientos-zalek Santiagoko bidea egin izan dute euren autoetan eta irteera luzeagoak egin izan dira, adibidez, Marokora. «Bartzelonan, duela urte batzuk 600 seiscientos biltzeko erronka egin zuten», gogoratu du Leundak. Auto honekiko zaletasuna ugaria da bazterretan.

Balio sentimental handia du seiscientos-ak, jende askok eskuratu zuen lehen autoa izan zelako. Ibilgailuak dituen ezaugarrien inguruan hitz egin du Leundak: «Mekanika erraza dauka; izorratuz gero norbera moldatu daiteke konpontzeko. Konplikaziorik gabeko autoa da eta esango nuke gogorra ere badela».

45 urte beteko dituen autoa

1971. urtekoa da Martin Leundaren Seat 600 autoa. «Nik bigarren eskura erosi nuen, handik ia hiru urteetara. 18 urte nituen eta nire lehen autoa izan zen, horregatik du balio sentimental berezia niretzako». Adin horretan, jende askok erosi zuen seiscientos autoa, merkea zelako eta eskuragarri geratzen zelako.

Hernialden zehar ibiltzeko erabiltzen zuen Leundak bere auto txikia, baina urrutirago joateko ere baliatu izan zuen: «Leonen egokitu zitzaidan soldaduska eta haraino ere seiscientos-ean joaten nintzen. Etxetik bazkalondoan atera, eta 21:00etara han egon behar izaten genuen. Beti iritsi izan nintzen garaiz».

Bizitzak aurrera egin ahala, seiscientos-a kendu eta beste auto batzuk eskuratu zituen Leundak. Hala ere, ez zuen txatartegira bidali eta 21 urtez geldirik eduki zuen terraza azpi batean.

Iruran, autoak konpontzeko garaje batean egiten du lan hernialdetarrak eta duela urte batzuk frantses bat azaldu zitzaion, seiscientos-a salduko ote zion galdezka. «Honentzat ona bada, niretzat ez dek txarra izango», pentsatu zuen Leundak bere artean. Gordeta zuen autoa hartu eta berreskuratzeari ekin zion. «Motorra ez beste guztia askatu nion: abiadura ontzia, balaztak, gidagailua... pintatu bat eman eta berria bezala geratu zen». Hasierako modeloa errespetatzen saiatu izan da beti Leunda. Kolore berdinarekin margotu zuen autoa eta ez zizkion apaingarriak jarri.

Hainbeste urtez geldirik egon ondoren, lehenengo irteeran, 350 kilometro egin zituen autoak. Ordutik, ibilbide askotan hartu izan du parte eta ez dizkio Leundari buruko min asko eman. «Zaindu ere ez dut hainbeste zaintzen. Etxean garajean egoten da, babesean, eta horrek mesede handia egiten dio. Tailerrean autoak saltzen genituenean ere izan genuen ikusgai erakusleihoan».

Seiscientos autoak ez dira azkar ibiltzekoak. «120-125 kilometro orduko abiaduran jarri izan dut nirea, baina egokiena 90-100 inguruan ibiltzea da, txukun joateko», dio Leundak. Bestela arriskua ere ekar dezakeela ohartarazi du: «Garbantzu aleak bezala gabiltza errepidean eta atzetik abiadura handian kamioi bat etorriz gero, aurretik eraman gaitzake».

Garai bateko abiaduran, garai batera bidaiatzeko aukera izaten dute seiscientos-zaleek antolatzen dituzten irteeretan. Horrela egingo dute datorren igandean ere, Hernialdetik abiatuta. Gero, babarrun janaren ostean, «seiscientos-ak eta gu, puzkarka itzuliko gara gure etxeetara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!