Pilarika eguneko festa berreskuratu dute Ikaztegietan

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 11a, 08:00
Pilarika egunean egindako hamaiketakoa, 2010ean.

Goiz eta arratsaldez ekitaldiak egingo dituzte bihar, Pilareko Andra Mariaren ermitan eta bere inguruan.

Pilareko Andra Mariaren elizaren inguruan, urriaren 12an egin ohi zen festa berreskuratu dute Ikaztegietan. Miren Mendizabal Kultura zinegotziak azaldu duenez, «zerbait sinplea antolatu dugu, garai batean egiten zen festa berreskuratzeko asmoarekin. Aurten egitarau txiki bat antolatu dugu, ea ohitura zaharrak pixka bat berreskuratzen ditugun».

Zubiaurre jatetxe-tabernaren parean dago ermita, autobiaren zubia pasa ondoren. Azken urteetan galduta egon den ospakizuna izan da. «Taberna itxita izanik, pixka bat jaisten joan zen festa. Eta urte batean, nahiz taberna itxita egon, udala saiatu zen hamaiketakoa-eta antolatzen, baina jendea ez da berdin animatzen», azaldu du Mendizabalek. «Azkenean, meza entzutera joaten dena, meza ondoren berehala alde egiten du. Aurten taberna irekita dagoela aprobetxatuz, saiakera egin nahi izan dugu egun hau berreskuratzeko».

Meza egitea izan da urte hauetan eutsi zaion ekitaldia, eta biharko Pilarika egunaren egitaraua horrekin hasiko dute, hain justu. Ondoren Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia ikusi eta entzun ahal izango da. Arratsaldean jarraituko du egitarauak, Zubiaurre jatetxearen ondoan. Erromeria egingo da, eta ondoren toka txapelketa izango da. «Egitarau xumea egingo dugu, ikusteko zein den erantzuna, eta aurrera begira ikusiko dugu nola joaten den», esan du Mendizabalek.

Pilareko Andre Mariaren deitura Gipuzkoa osoan dagoen ermita bakarra da Ikaztegietakoa. Dirudienez, ibaiaren beste alboan kokatuta zegoen eta Santiagoren deitura zuen lehenagoko ermita bat ordezkatuz eraikia izan zen berria. Esaten da Pilareko Andre Mariaren baseliza XIX. mendean bertako parroko batek eraiki zuela, Zaragozako tenpluan egindako irainak ordaintzeko asmotan.


EGITARAUA

Urriak 12, asteazkena

11:00. Meza nagusia.

12:00. Sutarri dantza taldea.

18:00. Erromeria Aratz Olaizola eta Maria Lasarekin.

18:30. Toka txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!