Sagarrandoak orain daude bete-beteta, eta sagardotegi guztiak berriz, muztioa dariola. Lehen lana sagarrak biltzea izan ohi da. Batzuk kixkia izango dute sagarrak saskiratzeko. Besteek, gerria gehiago makurtuta, eskuz bilduko dituzte sagarrak. Zakuak bete eta bete, sagar on guztiak bildu arte. Behin sagasti guztia bildu ostean, dolarera gerturatu beharko da. Zakuak hustu, eta sagarrak berriz banan bana begiratuz txarrak albo batera doaz eta onak uretan pasa eta gero, prozesua martxan jarriko da sagarrak joz.
MUZTIO GOZO-GOZOA
Txikitutako sagarrak pilatzen hastean lehen zukua aterako da. Gozoa. Prentsatu ostean, ordea, eta errekatxo baten moduan botako du muztioa. Hori guztia izango da upelera doana. Upela bete, eta itxarotea geratuko da. Sagardoak egin, egin behar du, eta horretarako hilabete batzuk behar ditu. Kolorea argitzeaz gain, zaporea ere guztiz aldatuko zaio. Gustuen araberakoa izan ohi da sagardo on eta txarraren artekoa. Urte berriarekin batera, eta plater on bat alboan hartuta, txotx egitea baino ez litzateke faltako.