Tasetan %1eko igoera onartu du udalbatzak

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 26a, 12:28

PSE-EEko zinegotziaren eskariz, %1 igoko dira tasak 2017an eta udal gobernuaren proposamena jarraituz, hondakinen tasak %5 egingo du gora datorren urtean.

Hiru urtez igo gabe egon ostean, tasetan %1eko igoera onartu du Zizurkilgo udalbatzak. Udal gobernuak %2ko igoera proposatu ondoren, PSE-EEko zinegotzi Jose Antonio Sanchezek egindako proposamena babestu zuten gainerako udal taldeek, eta honenbestez, puntu batean egingo dute gora tasek.

Sanchezek poza agertu du astelehenean ospatutako osoko bilkuran "zentzuzko" erabakia hartu delako. "Herritarrei zerbitzua eman ahal izateko, sarrera nahikoa ziurtatzen duen zerga bilketa politika bat planteatu behar du udalak, baina kontuan hartu behar du zein gaitasun ekonomiko duten familiek. Ezin ditu zergekin ito".

Zinegotzi sozialistaren ustetan, udal gobernuak proposatu bezala tasak %2 goratzea, "igoera desproportzionatu eta injustua da". Horregatik, tasak urtez urte eta progresiboki igotzea proposatu du Sanchezek, "krisiaren kolpea jasan duten familiak ezin ditugulako bazterrean utzi".

Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, “hiru urte izoztuta egon ostean %2 proposatu genuen udal gobernutik baina adostasunaren izenean %1ekoa onartu genuen. Ezin da esan planteatzen zen igoera justifika ezina dela, hiru urtez igo ez direnean”. Gainera sozialisten kritikari erantzunez, zera gogoratzen du alkateak: “Zizurkilgo udala ia 30.000 euro itzuli beharrean da Gipuzkoako foru aldundira aurten PNV eta PSEk aberastasun handien zerga kendu eta aurreikusi baino diru gutxiago bildu dutelako. Hori bai dela gizartearen aurkako politika egitea, gehien dutenei zergak jaitsiz azkenean ekimenak aurrera eramateko diru gutxiago baitago”.

Hondakinen tasa

Hondakinen tasari dagokionez % 5eko igoera onartu zuen udalak EH Bilduren botoekin. “PNV eta PSEk bultzatzen duten erraustegia eraikitzeagatik soilik hondakinen kontsortzioaren faktura bikoiztu egingo dela aurreikusten da, jada 2016ko urte hasieran %40ko igoera izan zuen errefusa eta organikoaren tratatzeagatik ordaintzen denak bi alderdi horien ekimenez. Horren aurrean, eta oraindik udalean dugun zorra ikusita, ezin dugu besterik egin eta oposizioko alderdiek ere badakite. Hori bai gogoratu behar da egoki birziklatzen dutenek hobariak dituztela”, zehaztu du Luengok.

Sanchezek hondakinen tasari dagokionean adostasunik ez egotea gaitzetsi du. "Aurten ere igo da tasa hori eta ez dugu egoki ikusten berriz ere neurri horretan igotzea". Udal gobernuaren proposamena EH Bilduren aldeko botoekin onartuz, bere irizpidea "inposatu" nahi izatea egotzi dio koalizio abertzaleari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!