Hiru Auzoetako krosean Chakib Lachgarrek ondu du Garinen marka
Ia 30 urte indarrean egon den denbora-errekorra igandean hautsi zuen Chakib Lachgar errenteriarrak. Ataungo Hiru Auzoetako 37. Korrikaldia 54:10 minutuan bukatu, eta 28 urteko atleta izar bihurtu da Ataunen. Pello Garinek (Zizurkil, 1961) 1990eko hamar...
Bost minutura utzi ditu Lachgarrek podiumeko hurrengoak, nahiz eta ordubetetik jaitsi diren haiek ere. Bigarren Alexander Oiarbide ordiziarra izan da (59:08), eta hirugarren Angel Vazquez lazkaotarra (59:12).
Emakumeen sailkapenean 1:06:00 orduko marka dago, 2015ean Maite Maiorak jarria. Hori murrizterik ez du lortu igandeko irabazle Maider Gaztañaga ordiziarrak (1:09:11). Garaipena zail ipini dio Maialen Muñoz ibartarrak (1:10:41). Maite Arraiza lazkaotarra igo da hirugarren koskara (1:13:03).
Korrikaldian 27 emakumezkok parte hartu dute; denera, 149 kroslarik bukatu dute 17,3 kilometroko bidea, Ataunen zehar.
Munduate eta Imaz herrian
Sailkapen nagusiko lehen hiruna onenak ez ezik, beteranoak ere saritu dituzte. Valentin Izagirre beasaindarra (1:25:22) eta Maider Gaztañaga bera izan dira azkarrenak, helduen mailetan.
Ataundarren sailkapenean, gizonetan Josu Munduatek irabazi du herriko txapela (1:12:27), eta nesketan Izaro Imazek (1:28:01). Jose Ramon Begiristain (1:16:39) eta Emma Isabel Serrano (1:33:53) izan dira, bestetik, ataundar beterano onenak. Ataungoak 15 partaide izan dira, 11 gizon eta lau emakume.