Albisu Ataunen hasiko da buruz buru, Zubizarretaren debutean
Jon Ander Albisuk Ataun sorlekuan ekingo dio Buruz Buruko Pilota Txapelketari. Jaialdia antolatu dute Ataungo Kirol Elkarteak eta udalak, Auzoeta kiroldegian, bihar 19:30ean hasteko. Banakako txapelketako lehenengo neurketa izango da, eta Albisuk Jose ...
Txapelketaren aurkezpena eta kanporaketen zozketa atzo egin zuten, Bilbon. Final hamaseirenetako buruz burukoak hauek dira: Albisu eta Zabaleta, Unai Laso eta Erik Jaka, Danel Elezkano eta Axier Arteaga, eta Julen Retegi eta Victor Esteban.
Kanporaketak gainditzen dituztenek final zortzirenetan (apirilak 20-23) zain Iñaki Artola, Aimar Olaizola, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia edukiko dituzte. Horko irabazleek, Oinatz Bengoetxea, Beñat Rezusta, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria, final-laurdenetan (apirilak 27-maiatzak 1).
Irribarria aramarra iaz txapeldunorde geratu zen, Bengoetxearen aurka finala galduta (22-18). Aurten, final laurdenetan sartuko da lehian. Finalaurrekoak maiatzaren 12-13an dira, eta finala maiatzaren 27an, Bilbon.
Iraitz Zubizarretak debuta
Ataungo jaialdiko lehenengo partidan beste pilotari ataundar batek jokatuko du: Iraitz Zubizarretak. Profesional mailako debuta izango du aiarrak. Ibai Zabalarekin osatuko du bikotea Zubizarreta aurrelariak, eta Gorka eta Etxegoin izango dituzte aurkari.
Jaialdirako sarrerak salgai jarrita dauzkate, aurrez. Martintxo, Troskaeta, Sutegi eta Bitor tabernetan, eta udaletxean (09:00-14:00) daude. Haurren sarrerak (4-12 urte artekoak) 8 euro balio du aurrez erosita, eta 10 euro egunean bertan. Larriek (12 urtetik aurrerako guztiak), 15 euroan daukate sarrera aurrez, eta 20 euro kiroldegian egunean bertan.
Ataungo Pilota Eskolako haurrek doan dute sarrera Auzoeta kiroldegiko jaialdi historikora.