Eate abesbatza udaberriari kantuz
Ataungo koruak larunbat iluntzean kantaldia egingo du, San Gregorioko elizan. Orain dela bi urte berrekin zioten herriko abesbatzari, eta Eate indarberritu dute: 40 bat lagun dabiltza.Ondo ikasitakoa ez da ahazten. Eta zaletasuna baldin badago tarteko,...
Ataungo koruak larunbat iluntzean kantaldia egingo du, San Gregorioko elizan. Orain dela bi urte berrekin zioten herriko abesbatzari, eta Eate indarberritu dute: 40 bat lagun dabiltza.
Ondo ikasitakoa ez da ahazten. Eta zaletasuna baldin badago tarteko, orduan eta gutxiago. Ataunen horixe gertatu da abesbatza musikarekin. Garai bateko koruak hogei-bat urteko ibilbidea osatu zuen, baina lozorroan geratu zen, ez aurrera, ez atzera. Duela bi urte inguru, abesbatza berpiztea erabaki zuten; Eate izenarekin elkarte gisa iaz eratu, zuzendaritza taldea osatu, eta lanean ari da.Eatek berak antolatuta, larunbat arratsean, etzi, kantaldia egingo dute, Ataun San Gregorioko elizan, 19:00etan. Indarberrituta itzuli da kantu korala Ataunera, gainera. «Lehengo koruari jarraipena zergatik ez genion emango hasi ginen, eta Eate antolatu dugu. Aktibitatea indartzea dugu orain asmoa, bidea egin nahian», azaldu du Eateko zuzendaritza batzordeko idazkari Rogelio Eskisabelek.
Berrogei lagunetik gertu
Ia berrogei lagun dabiltza koruan. «Normalean, 35-36 elkartzen gara, kantaldietarako. Jubilatuak gara erdiak, baina gazteak ere badaude. Herritar guztientzat irekita dago, eta edonork parte har dezake». Astean behin egiten dute koruko kide denek entsegu orokorra; astearteetan, Ataungo Herri Antzokian.
Musikalki, ez du nolanahiko maila. Lau ahotsetara kantatzen dute. Maximo Aierbe ataundarra da zuzendaria, musika-prestakuntza eta mugimendu handiko pertsona. Kantari apartak ere baditu, Dionisio Etxeberria bat.
Errepertorioan, Euskal Herriko betiko musika da Eateren bizkarrezurra. «Gehien bat, euskal musika tradizionala lantzen dugu, 90 bat: Ipar Euskal Herrikoa, Nafarroako herri kantak… Kanpokoak ere bai». Ataungo abesti eta pieza zaharrak berreskuratzen ere ahalegina egiten du Eatek, Don Joan Txikiren omenaldian, abenduan, entzun ahal izan zen eran.
Koru herrikoia izaki, herria du jarduteko eremu Eatek. «Ataungo auzoetako festetan izaten saiatzen gara, emanaldi bat prestatuta». Donostiako Musika Hamabostaldiarekin eta San Martingo organo barrokoaren jaialdiarekin ere kolaboratzen dute. Uztailaren 21ean ariko dira han.
Etzi, baina, udaberria kantuz loratuko dute San Gegorion.