Besteei laguntzeko hiru lan egiten zituen aiarra
Apaiz langile deitzen zitzaiena izan zen Juan Aldasoro Begiristain ataundarra. Apaiz izateaz gain, Zestoako fundizio batean lan egiten zuen. Lan istripuan hil zen. Hari buruz hitzaldia egingo dute gaur, Aian.Kleroak herri xehearengandik zeukan urruntas...
Apaiz langile deitzen zitzaiena izan zen Juan Aldasoro Begiristain ataundarra. Apaiz izateaz gain, Zestoako fundizio batean lan egiten zuen. Lan istripuan hil zen. Hari buruz hitzaldia egingo dute gaur, Aian.
Kleroak herri xehearengandik zeukan urruntasuna apurtu, eta proletarismoaren kezkak, bizimodua eta ezinak gertuagotik ulertzeko, 1960-70eko hamarkadetan apaiz langileen mugimendua izan zen Euskal Herrian. Elizako lanaz gain, lantegian lan egiten zuten, egunero. Ongintzara bideratzen zuten soldata.Ataungo Aiako Frantziskoenea baserriko Juan Aldasoro Begiristain apaiz langilea izan zen. Arroa Goikoan (Zestoa) zegoen apaiz laguntzaile, eta Zestoako Fundiciones Sorazu lantegian ziharduen lanean. «Goizeko zazpietatik ordubiak arte egiten zuen lana. Gero meza ematen zuen, eta Urola bailaran gau eskola ere bai. Hil zenean, ehun laguni ematen zien eskola. Beste inora joan nahi ez zutenak, lotsatzen zirelako, Juanengana gustura joaten ziren. Halakoxea zen bera eta», gogoratu dute Aldasororen koinatu Andres Arratibelek eta Josune eta Amaia ilobek.
Fundizioko soldata behartsuen artean banatzen zuen, «guzti-guztia ematen zuen». Heriotza, hain justu, lan istripu batek ekarri zion, 1974ko urriaren 9an. Egoera txarrean zegoen garabi bati kateak hautsi, eta lau tonako karga erori zitzaion. «Ondoan zeuden bi lankide albo banatara bota zituen, eta bera zapaldu zuen». 43 urte zituen.
Samin handia eragin zuen Aldasororen heriotzak Arroan. Lankideek hilarri berezia egin zioten, Aiako hilerrian denboratan egon ondoren, orain Frantziskoeneko sarreran dagoena.
Hitzaldia eta erakusketa
Bertsozalea zen, eta gai jartzen ibili zen herrietan. Urtean behin, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Jose Luis Gorrotxategi eta Imanol Lazkano, andreekin, Aiako baserrira etortzen ziren, harekin.
Ataungo Barandiaran-Murkondo elkarteak hitzaldia antolatu du, Juan Aldasoro gogoratzeko. Apaiz langileak, apaizak bakarrik? Joan Aldasoro gogoan gaiaz jardungo dira Larburuko Prontxio Auzmendi apaiza eta Sangregoriotxikiko Joanito Dorrontsoro, gaur, Aiako Haitzarri elkartean, 19:00etan. .
Bestetik, Barandiaran-Murkondo elkarteak 25 urte bete ditu. San Gregorioko Elkargunean erakusketa jarri zuten atzo, ekainaren 18ra arte. Gaur itxita egongo da. Etzi, 19:30ean, elkartearen historiaren nondik norakoak azalduko dituzte.