Ataunen ari dira Ohitura Zaharren Egunerako prestatzen
Urriaren 21ean Ohitura Zaharren V. Eguna ospatuko dute Ataunen, eta Jentilbaratza Kultur Elkartekoak ari dira dena prestatzen. Dagoeneko egitaraua eta kartela osatu dituzte, eta bideo bat ere prestatu dute, ekitaldia iragartzeko.
Egun horretan, “garai bateko bizimoduan” murgiltzeko aukera izango da Ataunen, goizeko 11:00etatik 14:00tara bitartean. Herritarrek, antzinako bizimodua eta baserritarren lanbideak erakutsiko dituzte. Besteak beste, ganadu erakusketa, herritarren barazki postuak, txerrikiak, gazta egiteko erakustaldia, belar sortak egin eta kablez botatzea, zugatza, sendabelarrak… denetarik ikusteko aukera izango da. Aurten, Don Juan Txiki gogoan izango dute, eta Ataungo iturri desberdinetako urak ere izango dituzte. Eguna bukatzeko, garai bateko erromeria ere egingo dute. Umeentzako jolasak, eskulanak, auto zaharrak eta musikariak ere izango dira, goizean zehar.
Egun horretarako, lehengo eran jantzita joateko deia egin diete antolatzaileek ataundarrei. Herri bazkaria ere egingo dute egun horretan, Bittor Enean. Parte hartu nahi dutenek txartela erosi behar dute aurrez; helduena 18 euroan eta umeena 10ean daude salgai, ohiko lekuetan.