San Joan bezperako suak egingo dituzte gaur ilun sentian Goierriko herri denetan. Udari ongietorria egin, eta adur txarrak uxatzeko erritua da. Adi lehortearekin
Suzko beroaren ondotik, lanbro giroa altxatze aldera, sua piztuko dute Goierriko herri guztietan, gaur iluntzean. Udako solsti- zioan, urtaroari ongietorria egingo diote goierritarrek. Eguzkiaren indarraren erreplika txikiak irudikatuko dituzte, antzinako sinesmenetan galtzen diren erritua berrituz.
San Joan sua iaz, Legazpin.
Urteko egunik luzeena, astronomikoki, herenegun izan zen, udako solstizioa —ekainaren 20tik 23ra bitarte izan ohi dira—. 15 ordu eta 3 minutu, argitan.
Itzalik gabeko eguna izan zen; eguerdian, eguzkia eta Lurra elkartzut tokatu ziren, erabat. Tradizioz, ordea, gaur ospatuko da egunik luzeenaren eta gaurik motzenaren festa.
Toki askotan festak direlako, edo herritarrek oraindik jai estimatua dutelako, herri guztietan antolatu dute zer edo zer. Adur txarrak, zori gaiztoak eta, moda berriagoen agindura, desioak idatzita botako dituzte askok, su garretara. Ezkion, adibidez, «sutara bota nahi duzuen guztia» eraman dezakete herritarrek. Urtaro berriari «osasuna, ongizatea eta elkartasuna» eskatu dizkiote. Gabirian, «hizkuntza-ohitura txarrak» jaurtiko dizkiote suari, udalerria berriki Ueman sartu izana ospatzeko. Urretxun, presoen senitarteko eta lagunek «kartzela» botako dute.
Herri mailako suez gain, auzo eta baserri apartatuek ere garbituko dute inguruko zer txarra, udako suaren indarrarekin. Bizitza berria erneko dela, berriz, tantaiak zutituta irudikatuko da.
Suarekin, adi eta arretaz
Sinesmenak sinesmen, gaur suak egiterakoan
kontuz ibiltzeko eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, espreski. Dagoen lehortearekin arrisku bizia dago suteak pizteko. «Ardura eta arreta handiena» eskatu die.
Ordiziako Su Eskolak ere aholku batzuk eman ditu. Suaren ingurua garbi mantendu behar da, zabal ez dadin. Lau metro baino pila handiagoak ez egiteko eskatu dute. Eta haize handia baldin badabil, ez pizteko. Likido su harkorrik ez erabili, eta itzalgailu edo ur hartuneren bat prest eduki, inguruan. Bukatutakoan, txingarrik edo hauts berorik ez dela geratu ziurtatu. Iluntzerako lanbroa dago iragarrita.
Egitaraua, herriz herri: