Egunero biblioteka zerbitzua, eta astero haurrentzat jarduerak egiten dituzte. Apirilaren 7an Kultura Eguna ospatuko dute. Udal webgunea ere berritu dute, agenda eta berriak zabaltzeko
Udaletxeko eraikin berriarekin batera inaugurau zuten liburutegia, 2014ko irailean. // Argazkia: A. Maiz
Otsailaz geroztik, udal langile batek kultura arloko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Gaintzan. Aldi baterako iraupenarekin, ekainera arte kontratatu du udalak langile bat. Liburutegiko arduradun eta kultura dinamizatzaile ari da, goiz eta arratsalde.
Batetik, bibliotekaren martxa dauka bere gain Itxaso langileak. Haurrak dira erabiltzaile usuenak, eta haientzat eskulanak, ikastarotxoak eta jarduerak ere antolatzen ditu. Ostegun-ostiraletan, eskolatik iritsitakoan, 17:30a aldera jarduten dira Gaintzako umeak, liburutegian.
Mandala eta txotxongilo tailerrak egin dituzte; gaur eta bihar karaokea izango dute, eta Pazko asteko oporretan jolasak ere bai; apirilaren 4an
Planet 51 filmaren emanaldia izango dute haurrek.
Helduentzat ere bada berritasunik. Larunbatean Eula sagardotegira txangoa prestatu dute, On-Bide elkartetik. Autobusean joango dira, 13:30ean plazatik irtenda. Izena aurrez eman behar zen, elkartean edo udaletxean.
Kultura Eguna eta weba
Apirilaren 7rako, berriz, lehenengo aldiz Kultura Eguna antolatu dute. Egun osoko festa izango da: herri kirolak, gazteen play-backa, Ordiziako Amets-Bide taldearen dantza saioa, trikitilariak, afaria (txartelak bihar arte) eta Guri5en kontzertua.
Udalaren webgune ofiziala (
gaintza.eus) ere berritu dute. «Aurrekoa zaharkituta zegoen, eta teknologia berrietara egokitu dugu, herritar guztiei eta kanpokoei Gaintzako herria irekitzeko, aurkezpen gisara», dio Itxaso koordinatzaileak.
Informazio orokorra emateaz gain, zerbitzu izaera ere indartu diote webguneari. Agenda, udal albisteak eta jakingarriak eguneratuko dituzte.