Mirandaolan agurtu dira festak
Santikutz jaien bigarren zatia ospatu dute Legazpin asteburuan. Larunbata kapela dantza eta gotibeheren eguna izan da; igandea, festei agur esateko egun betea.Aurtengo Santikutz jaien bigarren eta azken zatiari ekin zioten legazpiarrek larunbatean, eta...
Santikutz jaien bigarren zatia ospatu dute Legazpin asteburuan. Larunbata kapela dantza eta gotibeheren eguna izan da; igandea, festei agur esateko egun betea.
Aurtengo Santikutz jaien bigarren eta azken zatiari ekin zioten legazpiarrek larunbatean, eta herenegun agurtu zituzten festak Mirandaola egunarekin.Larunbat eguerdian hasi zen santikutzen bigarren zatia, Sustraiak dantza taldeak eta herritarrek egindako kapela dantzarekin, eta arratsaldean izan zuen segida goitibehera probarekin.
Igandea, apirilaren 29an hasitako jaiei agur esateko eguna izan zen. Prozesioarekin hasi zen goizean. Herritarrek eta dantzariek lagundu zuten Mirandaolaraino, beste behin ere, maiatzaren 3ko miraria irudikatzen duen gurutzea, aurten berrikuntzekin. Izan ere, gurutzeari euskarri berria egin dio Juan Mari Burguera artista legazpiarrak, eta lanak ikusmin handia eragin du. Elizaren ondoan egon zen ikusgai meza ospatu bitartean eta ondoren, Sustraiak eta Korostikoek olagizonei ezpata-dantza egin zietenean. Gero, ola martxan jarri zuten olariek.
Parkean erromeria ospatu zen, bertsolari, dantzari, trikitilari, panderojole, txistulari eta antzezle eta guzti. Telleriarteko talogileak ere bertan izan ziren. Herri bazkaria eta Elustondo trikitilarien erromeria etorri ziren gero. Urolatarrak txarangaren eta erraldoi eta buruhandien kalejira izan zen aurtengo santikutzetako azken ekitaldia.
Goitibehera jendetsuak
Zirkuitu berria atondu zuen Maldan Behera inertzia kirolen taldeak Legazpiko bosgarren goitibehera probarako, Aztiritik Motxorrora bitartean. Guztira 47 partaide izan ziren larunbateko lasterketan, Euskal Herria, Cantabria eta Gaztelakoak. «Ez zen istripurik izan eta dena ondo joan zen», diote antolatzaileek. Gainera, «publiko dezente gerturatu zen, akaso espero genuena baina gehiago, eta parte hartzaileak ere oso gustura geratu dira aurten egindako apostuarekin».
Irabazlea Cantabriako Ivan Sanchez izan zen, ‘bala’ moduko goitibeherarekin. Bigarrena, Trapagarango (Bizkaia) Felix Delgado eta hirugarrenak Cantabriako Miguel Igual eta Benjamín Exposito. Emakumezkoetan, Mutrikuko Arlene Etxaburu izan zen irabazlea. Lehen legazpiarra, aldiz, Julen Agirreburualde izan zen, baina saria Mahrez Djatit-entzat izan zen.