Antzerkia itzuliko zela agindu zuten Legazpiko Udaleko kultura sailetik eta itzuli da. Larunbatean Artedrama konpainiak Unai Iturriagak idatzitako Hozkailua lana taularatuko du Latxartegi aretoan, 20:00etan. Manex Fuchs da antzezlanaren zuzendaria.Arte...
Antzerkia itzuliko zela agindu zuten Legazpiko Udaleko kultura sailetik eta itzuli da. Larunbatean Artedrama konpainiak Unai Iturriagak idatzitako
Hozkailua lana taularatuko du Latxartegi aretoan, 20:00etan. Manex Fuchs da antzezlanaren zuzendaria.
Artedramako arima Ander Lipusek aktore rola jokatuko du Patricia Urrutiarekin batera. Lipus Karlos da eta Urrutia Maite. Herriz herri dabiltza biak hozkailu zahar batekin. Hozkailuan garagardoak eta Maitek Londresetik ekarritako lagunaren zerraldoa daramatzate. Karlos eta Maite aspaldiko lagunak dira biak eta hildakoa ere laguna zutenez, hari egindako promesa bete nahi dute. Hain zuzen, jaioterrian lurperatuko dutela agindu zioten. Detaile bat ahaztu zuten, ordea. Ez zioten jaio zen herri hura zein zen galdetu.
Zerraldo bat hozkailuan
Bi lagunek abentura bat baino gehiago bizi izan zuten elkarrekin bakoitzak bere bidea hartu zuen arte. Maiterena ez da oso bizitza konbentzionala izan, areago, egun bakoitzak ematen duen horretatik bizi izan da Londresen hil berri den lagunarekin. Karlos, berriz, ezkondu zen, haurrak izan zituen eta orain gurasoen etxera itzuli da dibortziatu ondoren. Maitek Karlos bilatuko du Londresetik Euskal Herrira itzultzean eta aurkitzen duenean hilotza eramaten laguntzeko eskatuko dio.
Testuingurua aurreko hori guztia izanda, Maitek eta Karlosek zerraldoarekin batera helmuga ezjakin horretara egiten duten bidaiak ematen duena kontatuko dute.
Sarrerak 10 euroan jarriko dira salgai Latxartegiko leihatilan, 19:00etan.