Liburuzain adeitsua
Urte luzetan Legazpiko Udal Liburutegiko liburuzaina izandako Arantxa Aiastui zendu berri da eta legazpiarrek hark egindako lanari aitortza egin diote, baita lan horren bitartez belaunaldi batean baino gehiagotan utzitako lorratzari gorazarre egin ere....
Joseba Barandiaran legazpiarrak, esaterako, honakoa idatzi du ZingiZango euskaltzaleen webgunean: «Gaur Ikastola den eraikinen artean, Artzain Onaren eskola La Salle zen garaian hasi zen Arantxa Aiastui liburuzain, kapera baino gorago, sarrera ostean zen etxetxoan. Gero Kultur Etxean ireki zen liburutegiaren hastapenak ziren eta Lourdes Hernandez lankidearekin, bizpahiru hamarkada ezberdinetako gazte eta heldu legazpiarren makulu izan zen Arantxa.
Jarrera irribarretsu eta abegikorrarekin, euskaldun idazle eta kulturgileekiko sentiberatasun berezia zuen. Are gehiago legazpiarrak baziren edo herriarekin zerikusirik bazuten. Bi mutilen ama, Legazpiko alkate izandako Jose Inazio Elorzaren emazteak arrastoa utzi zuen hainbat legazpiarrengan. Horren adierazgarri, Facebook sare sozialean ikusitako erreakzioak».
Erreakzio horien artean Idoia Lasa idazle legazpiarrak utzitako sarrera dago. Hitz poetikoekin gogoratu du Lasak Aiastui: «Bitakora izan zinen gure letra eta erromantze goserako. Gure bizitza hobea da orduz geroztik eta gure olerkien lerroen artean egongo zara beti. Eskerrik asko Arantxa».