One Way disko berriarekin dator
Subeltza Eguna egingo dute bihar Gaztetxean. Vancouver taldeak azken kontzertua egingo du Legazpin. Bazkarirako txartelak salgai daude Gaztetxean eta magia erakustaldia dago ostean.One Way norabide bakarreko talde legazpiarrak Europarasite disko berria...
Subeltza Eguna egingo dute bihar Gaztetxean. Vancouver taldeak azken kontzertua egingo du Legazpin. Bazkarirako txartelak salgai daude Gaztetxean eta magia erakustaldia dago ostean.
One Way norabide bakarreko talde legazpiarrak Europarasite disko berria aurkeztuko du bihar Gaztetxean Subeltza Egunaren baitan. Adin tarte zabaleko musikariek osatutako taldea da eta Europarasite bigarren diskoaren ezaugarri nagusia abestien artean bilatu gabe sortu den lotura dela azpimarratu dute.Roberto Rodrigo Rob abeslaria da, Raul Barroso Rul gitarra jotzailea, Iñigo Caballero gitarra jotzailea, Ander Martinez bateria eta piano jotzailea, Mikel Gordoa Fux baxua eta armonika jotzailea. Guztiak elkarrekin One Way dira. 2011n Legazpin bertan sortutako musika taldea. Mikel Gordoa Fluxek kontatu duenez, «urrian hasi ginen, Azkena Rock jaialdira joateko ohitura genuen eta urte hartan talde osatzera animatu ginen. Erraza izan zen gure estiloa aurkitzea eta abestiak sortzea».
Estilo hori zein den galdetuta rock, country eta hard rock estiloen artean aritzen direla dio eta euren joera are gehiago zehaztu du gustukuen dituzten musikarien zerrenda egin duenean: Pearl Jam, Creedence Clearwater Revival, ACDC, Tom Petty, David Bowie eta Neil Young, besteak beste.
Ingelesez kantatzen dute, hain zuzen, gustukoen dituzten musikarien hizkuntza hori delako, «kantak sortzen ditugunean hori da burura etortzen zaigun hizkuntza», azaldu du Gordoak.
Europarasite disko berria Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute Fredi Pelaez teknikariarekin eta Legazpiko Udalak diruz lagundu die. «Izugarrizko esperientzia bizi izan dugu Fredirekin», dio Gordoak, «lan gogorra izan arren, oso konexio polita lortu dugu berarekin eta diskoaren emaitzan nabaritzen dela esango genuke». Pelaezek berak teklatua eskuetan grabazioan parte hartu du. Emaitzarekin «oso gustura» geratu direla dio Gordoak. Dagoeneko Legazpiko tabernetan salgai jarri dute eta kontzertuetan ere eskuratu ahalko da.
Diskoan Maitane Murillok parte hartu du eta Rodrigez abeslariarekin batera Remember izeneko abestian kantatu du. Letrak Rodrigezek eta Gordoak idazten dituzte. Disko berriko Walking to hell abestia anaiatzat duten Alain Narbonak idatzi du, Vancouver taldeko kideak.
Oro har, kritika soziala, ametsak eta dena delako gatazken aurrean gizarteari mezua bidaltzen saiatzen dira. Europarasite diskoan Woman hand abestian emakumezkoen askatasun eskubideari erreparatu diotela dio Gordoak eta diskoari izena eman dio Europarasite abestian errefuxiatuen gaia landu dute. «Europak bertara iristen diren errefuxiatuen egoeraren aurrean erakusten duen jarrera ikusita, abestian ume errefuxiatuentzat babesa eskatzen dugu». One Way taldeko kideentzat letrek «garrantzi berezia» dute, «abestietan mezu sendo bat helarazi nahi dugu eta indarra transmititu ere». Disko berria bihar aurkeztu eta bira egingo dute Goierrin eta inguruetan.
Vancouverreko senideak
Narbona anaiatzat dutela, eta biharko Narbona kide duen Vancouver taldeak momentuz Legazpin emango duen azken kontzertua da. Urtarrilean beste bi kontzertu aurreikusita dituzte eta desegiteko asmoa daukatela iragarri dute. Bihar oholtzara igoko den Alcoi (Alacant) herriko Desustancia taldeko kideak Vancouverrekoen aspaldiko lagunak dira eta askotan egin dute harako zein honako elkartrukea. Lagun talde horretan sartzen da One Way ere.
Bihar Gaztetxean sortuko den energia ez da seguruen norabide bakarrean joango. One Way hitzen itzulpenari jaramonik ez eta energia nonahi zabalduko da hiru taldeen artean dagoen laguntasunaren isla.