Larunbatean jaiotzaren irekiera egingo dute Haztegi ikastolan. Merkatu txikia eta Martin Pipasi gutunak emango dizkiote. Igandean eskola publikoek Santo Tomas azoka ospatuko dute
Haztegi ikastolako hainbat gurasok Gabon giroa sortzeko lehenengo jaiotza egin, eta Latxartegiko erakusleihoan ikusgai jarri zutela 23 bat urte dira aurten. Askotariko gaiak jorratu dituzte honezkero eta oraingoan Legazpiko burdin bideei keinu egingo diete. Roberto Velasco jaiotza egiten dabilen legazpiarretako baten esanetan, «Mirandaolako burdinola, Legazpi, Mutiloa etaZerainen dauden meategiak eta abar irudikatuko ditugu».
Hasieran Haztegi ikastolako gurasoak aritu baziren ere, gaur-gaurkoz jaiotza egiteko artisau lanetan ari diren legazpiarrak ez dira soilik ikastolako gurasoak. Velascok argitu duenez, «Ikastolaren ekintza bat izatetik legazpiarren ekintza izatea pasatu da. Urte hauetan guztietan handitu egin zaigu, baita jaiotza bera ere». Aurtengoan 30 bat lagun ari dira jaiotza egiteko lanetan; 40 urte inguru ditu gazteenak eta 70 bat nagusienak.
Jaiotza txikia zen hasieran, eta urtez urte handitu egin da tamainan eta jaiotza sortzeko erabili dituzten baliabideetan zein tekniketan. «Ez dira artisau lan zailak eta gehienak edozeinek egin ditzake. Nolanahi ere, lan batzuetarako eskuetan trebetasuna behar da eta gaitasun hori duten kideak baditugu», dio Velascok.
Trebetasunari baino, jaiotza egiteko «gogoari» egin dio Velascok azpimarra. «Guk beti esaten dugu jaiotzaren aurrean daudenean umeek jartzen duten aurpegia ikusteagatik egiten dugula. Aurpegiok poza ematen digute eta jaiotza egiteko gogoa».
Jaiotza mugimenduan
Aspaldian mugimendua ere eman diote jaiotzari. «Oso trebeak diren bi kide ditugu eta mugimendua sortzeko mekanismoak erabiltzen dituzte panpinak nahiz bestelakoak mugitu daitezen». Aurten, akaso, burdinolak eragiteko ur-errotak martxan ikusi ahalko dira. Velascok ez du, halere, jaiotzaren nondik norakoa azaldu nahi. Urtero-urtero sorpresa izaten da eta oraingoan jorratu duten gaia zein den aurreratu badu ere, xehetasun gehiago ez du eman.
Udako oporraldiaren ondoren hasi ziren jaiotza nolakoa izango zen pentsatzen. Lanari urriaren azken astean ekin zioten eta ordutik arratsaldeetan lanerako elkartu dira. Azken hamabost egunetan, ordea, «ia-ia egun osoan» lanean ari direla esan du Velascok. Jaiotza larunbat goizean irekiko dute. Merkatu txikia ere ipiniko dute Haztegi ikastolako ikasleek Latxartegi parkean, eta Martin Pipas haurren gutunak jasotzera iritsiko da bildutako guztiak Olentzeroari eramateko.
Igandean Domingo Agirre eskolako eta Olazabal institutuko ikasleek Gabonen atarikoen lekukoa hartuko diete ikastolakoei, eta Santo Tomas Azoka egingo dute Azokako arkupeetan, 11:00etatik aurrera.