Floren Gutierrezek eta Mikel Gurrutxagak Legazpiko Santikutz jaietako danborrada itzaltzen ari zela sumatu zuten 2004an. Herri danborrada bihurtuta, 300 lagundik gora aterako dira datorrenean.
Urte luzetan Legazpiko danborrada elkarteetako kideen danborrada izan zen. Horrenbestez, salbuespenak salbuespen, parte hartzaile gehienak gizonezkoak ziren. Datorren maiatzaren 2an, Legazpiko Santikutz jaietan irtengo den herri danborradako kide gehienak emakumezkoak izango dira; gazteen tokia ere nabarmena da. Garai bateko elkarteen danborradaren gainbehera sumatu zuten Floren Gutierrezek zein Mikel Gurrutxagak, eta 2005ean antolaketaren lema hartu zuten.
Legazpiko danborradak 50 urtetik gora ditu jada. Gutierrezek dioenez, «galtzeko zorian ikusi genuenez berreskuratzeko urratsa ematea erabaki genuen. Lehenengo, elkarteetako kideei laguntza eskatu genien, baina ez genuen erantzun handirik jaso. Hori dela eta, herri danborrada bat egitea erabaki genuen». Bide hori hartuta danborradaren ateak emakumezkoei zabaldu zizkieten.
Aurreko danborradatik ezer gutxi geratu zen, eta materiala berritu behar izan zuten. Jantziak egin, materiala bilatu eta konpainia berriak sortu zituzten. Zaldien presentzia ere bermatu zuten Legazpiko Ormatzarreta zalditegiko ugazaben laguntzarekin. «Gainbeheran zegoen danborrada bat, 300 lagunek parte hartzen duten danborrada batean bilakatu genuen», dio Gutierrezek.
Gazteak ere bai
Gaztetxeko jendea eta Sorgintxulokoek konpainiak sortu eta osatu dituzte eta haien parte hartzea «nabarmena» dela esan du Gutierrezek: «Edonola ere, erreleboa behar dugu antolaketa lanetan. Zailena eginda dago, orain entseguak prestatu eta azkeneko entsegu orokorrean jantziak banatzea dira lanik handienak».
Entseguak hasi dira jada eta apirilean zehar bospasei egingo dituzte. Azkena Legazpiko Musika Bandarekin batera egingo dute Domingo Agirre eskolako pista estalian, apirilaren 26an. Ordura arte asteartero eta ostiralero elkartuko dira Haztegi ikastolako atzeko pilotalekuan, 20:00etan.
Jeneralak, kapitainak, soldadu frantsesak, sukaldariak, urketariak, zalditeria… Eta, Legazpin egonda, danborrada bertakotu nahi zuten eta olagizon talde bat ere ateratzen da: «Olagizonen herria da Legazpi eta bost bat ateratzen dira saskiak daramatzan asto batekin. Bertako identitatea erakutsi nahi dugu danborradan».
Iaz La Salle eskubaloi taldekoek 50 urte betetzen zituztela-eta euren konpainia osatu zuten. Aurten Haztegi ikastolak 50 urte betetze ditu, eta haiek ere euren konpainia osatuko dute. Hala, danborrada hazten doa aurten La Sallekoak berriro aterako baitira.
Maiatzaren 2an Legazpiko plaza bete egingo da. Laubidetik abiatuko da eta bitan banatuta Euskal Herria plazara iritsiko da herri danborrada bandak lagunduta. Legazpiko danborrada ez da galdu, beharbada irabazten atera da.