'Trans-Formatzen' dokumentala emango dute etzi Latxartegi aretoan, Legazpin. Dokumentalak transexualitatearen gaia lantzen du. Gaur eta bihar Urteaga eta Imaz 'trans' munduaz arituko dira Beasainen.
Goierrin transexualitatea argitara ekartzen ari dira. Horren isla dira Beasainen egiten ari diren bigarren Trans Zikloa eta HiKiru taldeko hiru kidek sortutako
Trans-Formatzen dokumentalak izandako harrera ona. Dokumentala Beasaingo zikloan eman dute jada, baita Uharten ere (Nafarroa). Orain Legazpira iritsiko da proiekzioa; etzi izango da, 20:30ean, Latxartegi aretoan.
Ekaitz Goikoetxeak, Aitor Lanasek eta Garazi Zabaletak ondu dute dokumentala. «Transexualitatearen inguruko zalantzak eta iluntasunak argitzen ditu», aurreratu dute. Testigantzak jaso dituzte, baita informazioa bildu ere. Lanaren xedea da «gertutik eta gertuan egoera ezberdinak ezagutzeko aukera luzatzea eta gogoetetarako euskarria eskaintzea».
Proiektua hezkuntzan dauden gabeziak ikusita sortu zuten: «Taldearen ekarpena izan da aniztasunaren aldeko mugimenduak baliagarri izan ditzakeen unitate didaktikoa sortzea». Izan ere, dokumentalaren ardatza transexualitatea den arren, «gaiak harago garamatzan gizarte egiturarekiko hausnarketa» bideratzen du.
Unitate didaktikoak, dokumentalaz gain, bertso musikatu batzuen lanketa eskaintzen du, «euskarazko baliabide linguistikoen esparrutik nahiz edukien inguruko pentsamendutik».
Sorkuntza lanak jasotzen dituen testigantzen artean, besteak beste, Mikele Granderen zuzeneko bizipenak daude, Ibaneren ama eta ahizparenak, Chrysalliseko kideena, sexologoena eta erizain eta antropologoa den batena. «Ertz eta ahots ezberdinak biltzen ditu».
Trans Zikloa Beasainen
Dokumentala Legazpin etzi emango dute. Bien bitartean, aurrera doa Beasaingo Trans Zikloa. Gaur eta bihar German Urteagak eta Maddi Imazek hitzaldia egingo dute, Loinazpe ikastetxean. Ekainaren 15ean bertso saioa izango da Igartza jauregian; Maialen Lujanbiok, Alaia Martinek, Maider Arregik eta German Urteagak parte hartuko dute. Zikloari amaiera Anarik jarriko dio, ekainaren 29an.
Guztien artean, pausoz pauso, transexualitatea ilunetik argitara ateratzen ari da.