Denis Itxaso Kirol diputatuak eta Koldobike Olabide alkateak hitzarmena sinatu dute. Aldundiak 116.122 euroko ekarpena egingo du. Estaldura berriarekin urte osoan irekita egongo da
Bikuña kiroldegiko kanpoko aldean estalita dagoen igerilekuari estaldura berria jarri nahi diote urte osoan erabilgarria izan dadin. Legazpiko Udalak proiektua diruz laguntzeko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol sailari eta haiek, Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren barruan, 116.122 euro emango dizkiote udalari proiektua gauzatu dezan. Aurrekontu osoa 273.000 euro ingurukoa izango da.
Denis Itxaso Kirol diputatuak atzo Legazpiko udaletxean egindako hitzarmenaren sinaduran esan zuenez, «proiektuak bete-betean aldundiaren planarekin bat egiten du. Izan ere, energia jasangarritasuna hobetuko du, igerilekuaren erabilera bermatuko du urte osoan zehar eta kirol egokitua egiteko baldintzak izango ditu». Itxasok, bide batez, esker ona agertu zuen, «tamaina ertaineko Legazpi bezalako udalerri batek polikiroldegiari emandako lehentasuna eskertzekoa da. Halako egituren mantenuari eustea ez da batere erraza. Garrantzitsua da, gu ere kirol jarduna unibertsalizatzearen aldekoak baikara».
Irailean hasiko dira
Koldobike Olabidek estaldura berriaren lanak esleitzeko pleguak herenegun onartu zituztela adierazi zuen. «Hasieran gutxiago izango zela pentsatu genuen, baina azkenean lanek 273.000 euro inguruko aurrekontua izango dute». Koldobikek udalaren kirolaren aldeko apustua berretsi zuen, baita kirol egokituarekiko apustua ere.
Kanpoko igerilekuko estalki berriaren lanak iraila amaieran hasiko direla aurreikusten dute, «datorren urterako prest egon dadin». Igerilekua urte osoan zabalik egongo da estaldura berriak beroa gordetzeko aukera emango baitu, eta haren ezaugarriengatik bereziki prestatuta egongo da kirol egokituarentzat.