Irailean udal teknikariek aztertu eta egoera txarrean dagoela ondorioztatu zuten. Ordutik 3.000 kilotik gorako kamioiek ezin dute zubia pasa. Junetorri autobusa ere ezin da handik igaro
Irailean, aurrekontu parte hartzaileen dinamikaren barruan, Koldobike Olabidek Brinkolako bizilagun baten proposamena jaso zuen. Bizilagunak Guriditegiko zubiaren zabalera eta egitura ikuskatzeko eskaera egin zuen Brinkola auzorako beste proposamen batzuen artean. Udal teknikari bat joan zen zubia ikuskatzera eta egoera txarrean dagoela ondorioztatu zuen. Alkatearen arabera, «kanpotik nahiko zubi berria dela ematen du, baina azpitik dago zubi zaharra eta hura ez dago ongi». Alkatea Ura erakundekoekin bildu da eta zubia konpontzeko urgentziazko prozedura eskatu du lanak lehenbailehen egin daitezen. Izan ere, iraila erditik ezin dira bertatik pasa 3.000 kilotik gorako kamioiak ezta Junetorri autobusa ere.
Zubia Guriditegi auzoa eta urrunago daudenak Brinkolarekin lotzen dituen azpiegitura bakarra da. Bizilagunen pasabidea da eta baso lanak egitera doazen kamioien pasabidea ere bai. Alkateak esan duenez, «bizilagunek ohartarazi digute debekua jarri genuenetik kamioiren bat edo beste pasa dela eta zubia arrisku egoeran dagoela nabarmendu nahi nuke. Zama handiko kamioiak ezin dira bertatik pasa, horregatik Junetorri ere ez da pasatzen».
Egoerari ahal bezain azkar irtenbide bat eman nahi diotela erantsi du. Ingeniaritza enpresa bat kontratatu du udalak irtenbide onena zein den ebatzi dezan. «Zubiaren egoera txarra dela eta, ingeniarien proposamena da lurrari lotuko zaion eta zubitik independentea izango den egitura bat sortzea». Zubiak bertatik pasatzen diren ibilgailuen zama bere gain har ez dezan bideari errefortzua jarriko diote.
Izan ere, azpitik dagoen zubia ukitu gabe utzi nahi du udalak. Olabideren hitzetan, «ondarearen parte baita». Gaur-gaurkoz Guriditegiko zubiaren azpitik pasatzen dira auzora iristen diren hoditeria guztiak.
Alkateak ez ditu lanen epeak zehaztu. Urgentziazko prozedura eskatzea, ordea, ezinbestekotzat jo du «bestela Ura erakundeak proiektua onartzeko hilabeteak beharko genituelako». Zu- biaren egoera larria dela eta erortzeko arriskua ere badagoela ohartarazi du.